Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2020/07/01
Abian da Merkataritza eta Ostalaritza suspertzeko proiektua
Bi inkesta: merkatariei eta herritarrei
Izaskun Gómez, alkatea: “Merkataritzak eta ostalaritzak bizitza ematen diote Pasaiari. Parte-hartzea ezinbestekoa da, pasaitarren beharrak ezagutzeko, eta udalerriaren zerbitzuak eta bizitza-kalitatea hobetzeko. Guztion artean egiten dugu Pasaia”.
Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen sektorean aldaketa sakonak gertatzen ari dira. COVID-19aren pandemiaren inpaktuak azkartu egin du prozesu hori, bai merkaturatzeko moduetan eta bai kontsumo-ohituretan. Hori dela eta, Pasaiako Udalak udalerriko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuak Suspertzeko Plan bat prestatzeko lan teknikoak abiatu ditu. Plan hori Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta foru Aldundiko Kontsumo Sailak eta Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa sustatu eta babestu du, eta Laurak Bat herriko Merkatarien Elkartearen laguntza aktiboa izango du. Helburua da zerbitzuen sektorea indartzea, eta tresna berriak ematea, kontsumitzaileen behar berriei erantzun ahal izateko; horrek guztiak pasaitarren ekonomian, enpleguan eta bizitza-kalitatean eragin dezan.
Pasaiako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuak Suspertzeko Plana diseinatzeko garaian, hainbat partaidetza-ekintza egingo da, herritarrei eta merkataritza eta ostalaritza sektoreari irekiak. Horrela, bada, inkestak egingo zaizkie bai bizilagunei, kontsumitzaile diren aldetik, eta bai udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduei. Ezinbestekoa da prozesu honetan parte hartzea, Pasaiak arlo honetan dituen eskari eta beharren diagnostikoa izan dezagun.
Inkestak hainbat bitartekoren bidez egingo dira (telefonoz, aurrez aurre kalean...); eta horrez gain, planari buruzko webgunea sortu da, proiektuari buruzko informazioa jasotzen duena, eta parte hartzeko aukera ematen duena:
Pasaiako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuak Suspertzeko Plana
Lorturiko emaitza eta ondorioak ekintza-lerro zehatzetan gauzatuko dira, datozen urteetan sektorearen arlo urbanistiko eta lehiakorrean garatzen joango direnak. Ekintza Plan horrek, azken batean, udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen eskaintza eta gunea hobetzen eta modernizatzen lagunduko du; eta, era berean, erantzun egokiagoa emango die pasaitarren gaur egungo beharrei eta kontsumo-ohiturei.
Udalak herritar guztiak, eta baita sektorea bera ere, animatzen ditu datozen hilabeteetan antolatzen eta garatzen joango diren ekintzetan parte hartzera. Ikerketaren lan teknikoaz arduratuko den IKERTALDE aholkularitza-enpresak garatuko ditu ekintza horiek.