Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/10/02

Animatu eta parte hartu Pasaiako Mintzalagun egitasmoan!

Iaz, 100 lagun inguru aritu ziren 4 barrutietan euskaraz bizitzeko uneak sortzen

2025-2026 ikasturteko Mintzalagun egitasmoa aurkeztu da Meipin.

Ekitaldian izan dira Laura Ré Euskarako zinegotzia, Diana de Castro AEK-ko zuzendaria, Kontsuelo Gorostidi Udal Euskaltegiko zuzendaria eta Julen Rodriguez Mintzalaguneko koordinatzailea.

“Euskaraz eroso eta giro onean aritzeko espazioak sortzen jarraitu nahi dugu Pasaia osoan zehar. Helburu horretan kokatzen da Mintzalagun egitasmoa, eta horretan arituko gara aurten ere. Iaz, ia ehun pertsona aritu ziren, asteroko hitzorduetan zein hainbat kanpo ekintzatan, euskaraz bizitzeko uneak sortzen eta erosotasuna areagotzen” adierazi du Euskarako zinegotziak.

Zer da Mintzalagun?

Mintzalagun egitasmoaren helburua euskaraz hitz egiteko ohitura sustatzea da. Horretarako, euskaraz aritu nahi duten herritarrak talde txikitan elkartzen dira, astean behin ordubetez, giro informalean: kafetegian, paseoan edo bestelako jardueretan.

Nork parte har dezake?

  • Euskaraz hitz egiteko ohitura galdu duenak, berriz hartu nahi badu.
  • Euskara ikasten ari denak, ikasitakoa praktikan jarri nahi badu.
  • Euskaraz ondo moldatzen denak, lagun egin nahi badu.

“Adin guztietako pertsonak ongietorriak dira. Ez da mailarik edo baldintza berezirik eskatzen: gogoa izatea besterik ez” gaineratu du Julen Rodriguez egitasmoaren koordinatzaileak.

Kontsuelo Gorostidik ekimenaren helburu gehiago zehaztu ditu:

  • Euskaraz egiteko konfiantza irabazteko.
  • Herriko bizitzan parte hartzeko eta harreman berriak sortzeko.
  • Denbora librean plan atsegin eta osasungarriak egiteko.

Erronkak

“Lehengo urteko 92 parte-hartzaileak kopuru sendoa dira, eta gehiagoren bila gatoz. Pasaitarrontzako erronka 100 mintzalagun izatea da! Ohiko taldeez gain, gurasoen arteko taldeak ere osatu nahi ditugu, eta barruti guztietara zabaldu” azaldu du Diana de Castrok.

Izen-emateak

Izen-ematea doakoa da eta interesdunek izena eman dezakete Pasaiako euskaltegietan galdetuta, pasaia_mintza@aek.eus epostan edo mezularitza bitartez 688647159 zenbakian.

Aurkezpena amaitzeko, bidelari (mintzapraktika eginez euskaraz ikasi nahi duena) eta bidelagun baten (euskaraz praktikatzen lagundu nahi duena) esperientziak entzun dira.

Pilar bidelaria izan da azken 2 urteetan “Mintzalagun taldea martxan zegoela aipatu zidaten, izena eman nuen eta oso gustura nago taldean, Donibanen. Oso giro ona dugu eta aurten ere jarraituko dut”.

Imanol Irizar bidelaguna izan da azken urteetan eta gogotsu ekingo dio aurten ere ekimenari “Donibanen martxan jarri genuen formula oso arrakastatsua da: 4 bidelagun gaude eta gure artean txandak egiten ditugu beti bat etor dadin. Jendeari jakinarazi nahi diogu, oso lanpetuta badaude ere, 4 astetik behin etortzeko aukera badute, hori ere zoragarria dela”.

Sindy Avila aurten hasiko da Mintzalagun taldean. “Gaur egun euskaltegian ikasten ari naiz eta nire erronka, epe luzean, B2 maila lortzea da”.

Euskara bihotzetik ahora!