Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/10/07

Mintzalagun egitasmoa, euskaraz aritzeko eta hobetzeko aukera bikaina!

Parte hartzeko matrikulazio epea ireki da

Hirugarren urtez Pasaiako Udalak, Udal Euskaltegiarekin eta Txirrita-AEK Euskaltegiarekin elkarlanean, Mintzalagun Egitasmoari ekingo dio.

Laure Ré Euskara zinegotziak adierazi du indar handiagoa jarriko duela aurten udalak saiakera honetan: “Aurreko bi urteetan izan duen arrakasta dela eta, aurten bultzada berri bat eman nahi dugu udaletik, eskaintza hau egonkortzeko. Izan ere, iaz 80 pasaitar inguru aritu ziren astero-astero talde txikitan euskara praktikatzen. Gainera, herriko lau barrutietara iritsi da egitasmoa eta euskaraz hitz egiteko, gozatzeko eta hobetzeko aukera paregabea da. Zerbitzua doakoa da, gainera, eta azpimarratu nahiko nuke ordutegietan malgutasun handia eskaintzen duela egitasmo honek".

Egitasmoa ezagutzen ez dutenentzat, prozedura oso erraza da:

Bidelaguna

Bidelaguna dugu egitasmo honen ardatza. Bidelaguna da bere burua eskaintzen duen pertsona, euskaraz aritzen ohituta dagoen boluntarioa. Iaz 19 lagunek osatu zuten boluntario sarea eta euren ekarpena ezinbestekoa izan zen. Bidelaguna ez da irakasle bat, euskaraz eroso hitz egiten laguntzen duen kide bat baizik.

Bidelaria

Bidelaria, berriz, bere euskara hobetu nahi duen pertsona da. Ez du zertan euskaltegietako ikasle izan. Bere euskara hobetu nahi duen orok parte har dezake egitasmoan.

Astean behin

Hitzordua astean behin izaten da. Ordutegi zabala dago goizean, eguerdian edo iluntzean.

Boluntarioen laguntzari esker, iaz jaso ziren eskaera guztiak artatu ahal izan ziren.

Doakoa

Udalak bultzatzen duen egitasmoa hau erabat doakoa da; boluntarioen eskuzabaltasunari esker kudeatzen da.

Gurasolagun

Iaz bigarren urtez gurasolagun talde bat aritu zen astero. Gurasolagun taldeetan gurasoak eta umeak elkartzen dira laguntza behar duten gurasoek euskararen erabilera normalizatu ahal izan dezaten eta umeek helduen arteko harremanetan euskara erabiltzen dela ikusteko. Aurten saiakera berezia egingo da Trintxerpen beste talde bat lortzeko.

Gaztelagun

Aurtengo erronketako bat da bi gazte lagun talde sortzea. Mintzalagun egitasmoa ez da soilik helduentzat, gazteengan ere eragina izan nahi du pasaian zenbait gaztek ez dute eta euskara egoera informaletan erabiltzeko aukerarik.

Kanpo ekintzak

Mintzalagun egitasmoaren beste funtsezko osagarria kanpo ekintzak dira. Aisialdian kokatzen diren deialdiak dira: txangoak, itsasora irteerak, ikastaroak, hitzaldiak... ekintza horiei esker mintzalagun guztien arteko harremana sortzen da eta bide batez, euskara inguru natural eta atsegin batean erabiltzeko aukerak zabaltzen dira.

Euskara praktikoa eta erraza

Euskara erabilgarria, praktikoa, erraza erabiltzea da egitasmoaren xedea. Eroso aritu ahal izateko baliabideak barneratu, akatsak onartuz, ezagutza maila bera duten kideak elkartuz.

Matrikula zabalik

Izena emateko epea ireki da eta bidelagun zein bidelari izan nahi dutenek herriko bi Euskaltegietara jo dezakete edota egitasmoaren dinamizatzailearekin harremanetan jar daitezke honako bi bideetatik: 688647159 telefonoan edota  pasaia_mintza@aek.eus helbide elektronikoan.

Roi Vega (Mintzalagun taldeko partaidea), Diana de Castro (Txirrita AEK Euskaltegiko arduraduna), Patxi Azparren (Mintzalagun egitasmoko koordinatzailea), Laura Ré (Euskara zinegotzia), Ramontxo Illarregi (Mintzalagun taldeko partaidea), Kontsuelo Gorostidi (Udal Euskaltegiko arduraduna), Imanol Irizar (Mintzalagun taldeko partaidea)