Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/07/12
Pasaiako Mintzalagun egitasmoa arrakastatsua izan da aurten ere
2023-2024 ikasturtean helburu garrantzitsuak lortu eta erronka berriak sortu dira
Bigarren urtez, Pasaiako Udalak, Udal Euskaltegiak eta Txirrita AEK euskaltegiak elkarlanean sustatu dute Mintzalagun Egitasmoa Pasaiako lau barrutietan.
“Ikasturte arrakastatsua izan dela uste dugu. Lorpenetako bat Antxon sortu den “Gurasolagun” talde irekia izan da. Ostegunero kalean elkartu dira, Axular Plazan zehazki, eta ekarpen interesgarria egin dute gurasoek seme-alaben aurrean helduen artean euskarari eustea badagoela egiaztatzeko” azaldu du Laure Ré Euskara zinegotziak.
Boluntarioen bidez egiten den ekimen honetan, 19 talde eta 80 lagun aritu dira urritik ekainaren bukaera arte astero biltzen. Horietatik 59 bidelariak izan dira, hots, euren euskara hobetu nahi dutenak; eta 21 bidelagunak, hau da, euskaldun zaharrak eta ikasitako euskaldun osoak. Partaideen profilari dagokionez, % 62 emakumezkoak izan dira eta batez besteko adina 54 urtekoa. Gainera, 26 partaide berriak izan dira, eta iaz bezala, euskaltegietako ikasleen eta ikasle ohien portzentaia ere oso altua izan da.
Patxi Azparren, Pasaiako Mintzalagun egitasmoko dinamizatzailearen hitzetan “asteroko hitzorduaz gain, zenbait kanpo ekintza ere antolatu ditugu: Euskal sukaldaritza tailerrak, “Txikiren” bakarrizketa, Mater itsas-museoarekin irteera didaktikoa, “Gurasolagun”entzako gozogintza-tailerra, Artikutzara bisita-gidatua eta Mintzodromoa”.
Antolatutako ekintza horietan ehun lagun inguruk hartu dute parte. Beste eskualdetan bezala, ekintza arrakastatsuena aukeratzen da eta Pasaian Mater Museoarekin egiten den irteera izan da “ekintza izarra”.
“Ekintza osagarriak oso garrantzitsuak izan dira egitasmoa erakargarriagoa izateko, eta, batik bat, taldeetan sakabanatuta aritu diren partaideen arteko sarea osatzeko” gaineratu du Azparrenek.
Ekintza batzuk propio Mintzalagun Egitasmotik eta Udalaren dirulaguntzaz egin dira, beste batzuk, aldiz, eskualdeko beste eragileekin batera. Horrez gain, hainbat mintzalagunek herriko bi euskaltegiek eta Udalak antolatu dituen bestelako kultur ekintza zein emanaldietan ere parte hartu dute.
Halaber, garrantzitsua izan da lau barrutietara iritsi izana. Izan ere, barruti bakoitzean kideen profila aldatzen bada ere, parte hartzaileei egindako asebetetze-inkestan jasotakoaren arabera, leku guztietan ikusten dute ekimen honen beharra. Era berean, parte hartzaileek oso ondo baloratu dute egitasmoa, bereziki, euskaraz praktikatzeko eta lagun berriak egiteko ematen duen aukerarengatik.
“Egitasmoaren xedeetako bat euskararen erabilera handitzeko ekarpen bat egitea da, eta gure ustez Mintzalagun Egitasmoak bete-betean asmatu du ahalegin horretan. Dena dela, egitasmo honi esker euskara gehiago erabili arren, oraindik erabilera handitzeko tartea dagoela uste dute partaideek” amaitu du Laura Ré zinegotziak.
Beraz, datorren ikasturtean ere, egitasmo hau sustatzen jarraituko du Pasaiako Udalak eta eremu berrietara hedatzen; Pasaian euskaraz bizitzea gero eta errazagoa izan dadin.