Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/09/28

MINTZALAGUN egitasmoaren aurkezpena

Euskara astero praktikatzeko doako zerbitzua, gida baten laguntzarekin

EUSKARA PLAZARA- MINTZA LASAIA

Udalak egin berri duen Euskararen Plan Estrategiko berrian hainbat jardun berri bultzatuko dira. Plan Estrategikoan indar handiz herritarrek eskatutako behar jakin bati erantzun nahi genioke egitasmo honekin: “euskararen erabilera sustatu herrian.”

Egindako ikerketa eta hausnarketan hainbat eragilek eta herritarrek kezka adierazi dute. Pasaian euskaraz hitz egiten dakitenen tasa % 43koa da, bada beste % 20 bat hitz egiten jakin ez baina ulertzen duena, eta % 37ak ez du hitz egiten, ez eta ulertzen ere. Kale erabilera, berriz, ezagutza baino askoz apalagoa da, % 19koa hain zuzen ere. Erabilera-tasa handitzen laguntze aldera, herritarrek eskatuta eta udalaren konpromisoarekin zenbait egitasmo jarriko dugu abian.

Plan Estrategikoaren epealdia 10 urtekoa izanik, plan horren garapenak zenbait etapa izango du. Erabilera sustatzeko ekintzak bultzatzen hasiko gara.

10 urte hauetan eskaintza zabalagoa eta orokorragoa egingo badugu ere, 2022-23 ikasturtean Mintzalagun Egitasmoari emango diogu lehentasuna, sare baten oinarria izan daitekeelakoan eta epe laburrean arrakastatsua izan daitekeela uste dugulako.

MINTZALAGUN EGITASMOA

Euskal Herriko herri askotan, aspalditik “Mintzalagun”; “Berbalagun, “Berriketan” izena duten programak garatzen ari dira. Ekimen horietan euskara hobetu nahi duten pertsonei doako zerbitzua ematen zaie, astero gidari baten laguntzaz euskara praktika dezaten.

Aurten Pasaian egitasmo hau berriro abian jarriko da, azkeneko urteetan ez baita horrelakorik bideratu. Udalaren laguntzaz, Pasaiako lau barrutietan mintzalgunak eta mintzakideak elkartzeko ahalegina egingo dugu.

EGUTEGIA-MATRIKULA-ALDIA(K)

Mintzalagun egitasmoa herritar guztiei irekia dagoen eskaintza da.
Matrikula epea euskaltegietako matrikula kanpainak baldintzatzen duen arren, eskaintza ez da euskaltegietako ikasleentzako bakarrik, edonorentzako baizik.

2022-23ko jarduna urritik ekainera bitarte izango da.

1. matrikula-aldia urriaren hasierako bi asteetan kokatu dugu. Bi aste horietan mintzalagun eta mintzakideen datuak jasoko ditugu. Esan bezala, egitasmoa doakoa da, mintzalagunek ez dute kobratzen eta mintzakideek ez dute ezer ordaintzen. Matrikula-aldiaren hasiera irailaren 28an izango da. Prentsa agerraldi baten bidez egingo dugu.
Ondoren, komunikazio kanpaina txiki bat egingo dugu, batik bat tokian tokiko prentsaren bitartez eta euskaltegietan izena eman duten ikasleekin. Ikasle ohiekin eta herrian euskararen eusle gisa aritzen direnekin harremanetan jartzeko saiakera berezia egingo dugu.
Ekimenaren dinamizatzaileak bina aurkezpen egingo ditu bi euskaltegietan .

Bi aste horiek bukatutakoan, beste bi aste hartuko ditugu hobekuntzak egiteko eta hirukoteak osatzen hasteko.

Azaroan hirukoteak elkartuko ditugu eta egitasmoa abian jarriko da. Ahal den neurrian, hasiera ofiziala moduko zerbait egiten saiatuko gara, “Ongi Etorri” moduko bat hitzordu jakin batean. Hori bideragarria ez bada, dinamizatzaileak mintzalagunei irizpideak helaraziko dizkie, beraien betebeharra zein den argi eduki dezaten.

2. matrikula-aldia

Euskaltegietan egiten den bezala, otsailean beste matrikula-aldi bat zabalduko da, otsailetik ekainerako hirukote berriak sortzeko aukera emanez.

MINTZALAGUNA (bidelagunak)

Euskara ongi dakiena. Tituluduna ala titulurik gabekoa. Mintzalaguna euskara hobetu nahi duen pertsonaren bidaidea da, laguntzailea. Taldearen dinamizatzailea da, hitzorduak finkatzen dituena eta solasaldien gidaria. Mintzalagunaren lana euskarari eustea da, ez akatsak zuzentzea, adierazkortasuna lantzea lehentasuna baita.
Mintzalaguna boluntarioa da, ez du ezer kobratzen eta egitasmoaren koordinatzailearekin harremanak izango ditu.

MINTZAKIDEA (bidelaria)

Euskara erabili eta hobetu nahi duen pertsona da. Mintza landuko du, adierazkortasuna, hiztegia, jariotasuna...mintzalagunak une erosoak eskainiko dizkio, lasai aritzeko tokia. B1 maila eta hortik gorako ezagutza edukitzea komeni da. Mintzakideari eskaintzen zaion zerbitzua doakoa da, mintzalagunaren laguntzari esker egiten dena, alegia.
Mintzakideak ez du zertan hizkuntzaren lau trebetasunetan maila bera izan. Irakurtzen, idazten edota gramatikan hutsuneak eduki arren, ulermenean eta mintzamenean gutxieneko maila badu, aski izango du parte hartu ahal izateko.

HIRUKOTEKA

Normalean hirukoteetan elkartzea proposatzen dugu: mintzalagun bat eta bi mintzakide. Hirukoteak zenbait irizpideren arabera osatzen ditugu, batik bat antzeko interesak eta zaletasunak dizutenak elkartzen ditugu. Noizean behin, hirukoteak elkartuko ditugu zenbait ekintza elkarrekin egiteko eta egitasmoa erakargarriagoa izateko.

Talde handiagoak ere egin daitezke. Eta kasu batzuetan baita bikoteak ere, norbaitek hala eskatuz gero, ez dugu trabarik jarriko.

JARDUNAREN XEDEA

Helburu nagusia zerbitzu bat eskaintzea da. Hau da, Plan Estrategikoan adierazi den moduan, euskara praktikatzeko mugak dituzten herritarrentzat zerbitzu bat eskainiko dugu.

Euskaraz lasai eta eroso hitz egin ahal izateko egoerak sortuko ditugu, azterketen eta bestelako presioen zamarik gabekoak.

JARDUNA NOLA BIDERATU

Hirukoteak astean behin elkartuko dira. Gutxienez, ordubetez. Mintzalagunek dinamizatzailearekin harreman iraunkorra izango dute, laguntza jasotzeko, ideiak jasotzeko, solasaldietako gaiak proposatzeko, balizko arazoak konpontzen laguntzeko.

Hitzordua leku publikoetan egitea lehenetsiko dugu: kalean, tabernetan, elkarteetan... ekimena ikusgarria izan dadin eta kale erabileran eragina izan dezan nahi dugulako, eta erakargarria izan behar duelako.

DINAMIZATZAILEA

Dinamizatzailearen lan nagusia hirukote bideragarriak osatzea da. Mintzalagun eta mintzakideen gogoa, zaletasunak, prestasuna, egutegia aztertu, eta hirukote bateragarriak osatzea.

Mintzalagunekin harreman estuagoa izango du euren jardunean laguntzeko, betebeharra eraginkorragoa izateko eta sor daitezkeen arazoetan laguntzeko.

Hirukoteen arteko balizko harremanak eta kanpo ekintzak ere dinamizatzaileak koordinatuko ditu.

Dinamizatzaileak Jarraipen Batzordean parte hartuko du eta ordutegi jakin bat zehaztuko du. Ordutegi horretatik at egingo diren kanpo ekintzetan eta hitzorduetan ere parte hartuko du.

Dinamizatzailea posta elektronikoz arituko da helbide honetatik: pasaia_mintza@aek.eus Dena den, telefono bat ere izango du udaleko langileekin eta mintzalagunekin harreman pertsonala eduki ahal izateko: 688647159. Zenbaki hori bera Watsapp gisa aktibatuta egongo da.

KANPO EKINTZAK

Mintzalagun Egitasmoaren hirukoteak autonomoak dira. Gune komunikatibo autonomo eta erosoa osatzen dute. Mintzalagunei konpromiso hori baino ez zaie eskatuko, asteroko hitzorduari eutsibeharko diote. Hala eta guztiz ere, gure partetik hirukote horiek noizean behin elkartzeko ahalegina egingo dugu.

Batetik, Pasaian eta eskualdean dagoen kultura agendaren berri emango diegu, bakoitza bere aldetik joateko ala elkarrekin joateko; bestetik, noizean behin hitzordu komunak proposatuko dizkiegu. Lan hori dinamizatzailerena izango da.

Gure udalerriaren ezaugarriak direla eta, Pasaia osoko hitzorduek ez dute arrakasta handirik izaten. Hasierako eta bukaerako hitzordu xumeak baino ez ditugu aurreikusten. Ikasturtean 2 kanpo ekintza egitea, berriz, bideragarria ikusten dugu.

Barrutietan. Barrutietan noizean behin elkartzea errazago ikusten dugu. Hirukoteen ezaugarriak ezagututakoan, eta mintzalagun izango direnenekin mintzatutakoan, barrutietarako balizko hitzordu batzuk finkatuko ditugu, elkar ezagutzeko eta egoera komunikatibo komunak sortzeko asmoz.