Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/01/28
Mintzalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik
80 kide ari dira astero lau barrutietan
Hirugarren urtez Pasaian Mintzalagun Egitasmoa aurrera doa. Udala eta udalerriko bi euskaltegiak elkarlanean gogotsu ari dira euskararen praktika sustatu nahi duen ekimena zabaltzen.
Lehenengo hilabeteetako emaitzak bikainak izan dira: 20 talde eta 80 kide ari dira aste-astero lau barrutietan. 19 boluntarioren eskuzabaltasunari esker, euskara maila hobetu nahi duten pasaitarrek aukera paregabea dute euskaraz aritzeko. Giro lasaian, estutasunik gabe, euskara kalera eramaten dute 80 lagun horiek.
Kanpo ekintzak ere egiten ari dira. Mintzalagun Egitasmoan izena ematen dutenek ekimen horren baitan antolatzen diren kanpo ekintzetan eta kultur ikuskizunetan parte har dezakete. Horrez gain, udalerrian eta eskualdean euskaraz eskaintzen diren ikuskizun zein ikastaroetan parte hartzeko gonbidapen berezia jasotzen dute partaideek.
Ekimena oso arrakastatsua izan da, eta horrek adierazten du Pasaian euskararen erabileran aurrera egin nahi dela. Helduen arteko solasaldiak sortzea dute helburu, kalean lagunartean erabiltzen den euskarari lehentasuna emanez. Hau da, egunerokotasunean erabilgarriak izan daitezkeen ereduak eta baliabideak erabiliz.
Urte berriarekin batera bigarren matrikula-aldiari ekin zaio. Boluntarioak “bidelagunak” dira; euren euskara hobetu nahi dutenak, berriz, “bidelariak”. Gutxieneko ezagutza beharrezkoa da, bidelagunek euskara hutsez egin ahal izan dezaten.
Izena emateko epea zabalik dago eta era desberdinetan egin daiteke.
- Pasaiako bi euskaltegietan.
- 688647159, telefonoz deituta zein whatsappa bidalita
- pasaia_mintza@aek.eus helbide elektronikoan edota praktikatu.eus/blog/pasaia-lezo blogean.