Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/09/29

Mintzalagun 2023-2024 egitasmoaren aurkezpena

Matrikula-aldia irailaren 27tik urriaren 15era bitarte

EUSKARA PLAZARA- MINTZA LASAIA

Pasaiako euskararen plan estrategikoaren helburuetako bat da herrian euskararen erabilera sustatzea, herritarren eskaerari erantzunez. Izan ere, pasaitarren euskara ezagutza mailaren eta kale erabileraren arteko aldea geroz eta nabarmenagoa da. Geroz eta pasaitar gehiagok dakite euskara, baina denek ez dute erabiltzeko aukera handirik haien inguruan.

Erabilera errazteko ahaleginean Mintzalaguna egitasmoa berriro abian jarri zen aurreko ikasturtean eta ikasturte honetan ere egitasmoan parte hartzeko aukera eskaini nahi dute Pasaiako Udalak eta udalerriko bi euskaltegiek (Udal euskaltegia eta Txirrita AEK).

MINTZALAGUN EGITASMOA

Euskal Herriko herri askotan, aspalditik “Mintzalagun”; “Berbalagun, “Berriketan” izena duten programak garatzen ari dira. Ekimen horietan euskara hobetu nahi duten pertsonei doako zerbitzua ematen zaie, astero gidari baten laguntzaz euskara praktika dezaten.

Aurreko ikasturtean, 63 lagun aritu dira 15 taldetan, Pasaiako lau barrutietan. Horrez gain, antolatutako 8 ekintzetan 100 lagun baino gehiagok parte hartu dute, eta beste 4 kanpo ekintzetan ere euskaltegiko ikasleekin batera 30 bat bidelagun eta bidelari ibili dira. Hortaz, pozik gaude egindako lanarekin, baita lanean jarraitzeko gogoz ere.

EGUTEGIA-MATRIKULA-ALDIA(K)

Mintzalagun egitasmoa herritar guztiei irekia dagoen eskaintza da.

Matrikula epea euskaltegietako matrikula kanpainak baldintzatzen duen arren, eskaintza ez da euskaltegietako ikasleentzako bakarrik, edonorentzako baizik.

2023-24ko jarduna urritik ekainera bitarte izango da.

1. matrikula-aldia: irailaren 27tik urriaren 15era bitarte. Tarte horietan mintzalagun eta mintzakideen datuak jasoko ditugu. Esan bezala, egitasmoa doakoa da, mintzalagunek ez dute kobratzen eta mintzakideek ez dute ezer ordaintzen. Matrikula-aldiaren hasiera irailaren 27an izango da. Prentsa agerraldi baten bidez egingo dugu.
Ondoren, komunikazio kanpaina txiki bat egingo dugu, batik bat tokian tokiko prentsaren bitartez eta euskaltegietan izena eman duten ikasleekin. Ikasle ohiekin eta herrian euskararen eusle gisa aritzen direnekin harremanetan jartzeko saiakera berezia egingo dugu.

Ekimenaren dinamizatzaileak bina aurkezpen egingo ditu bi euskaltegietan.

Bi aste horiek bukatutakoan, beste bi aste hartuko ditugu hobekuntzak egiteko eta hirukoteak osatzen hasteko.

Urriaren bigarren hamabostaldian eta azaroaren hasieran hirukoteak elkartuko ditugu eta egitasmoa abian jarriko da. Ahal den neurrian, hasiera ofiziala moduko zerbait egiten saiatuko gara, “Ongi Etorri” moduko bat hitzordu jakin batean. Hori bideragarria ez bada, dinamizatzaileak mintzalagunei irizpideak helaraziko dizkie, beraien betebeharra zein den argi eduki dezaten.

2. matrikula-aldia

Euskaltegietan egiten den bezala, otsailean beste matrikula-aldi bat zabalduko da, otsailetik ekainerako hirukote berriak sortzeko aukera ematearren.

MINTZALAGUNA (bidelaguna)

Euskara ongi dakiena. Tituluduna ala titulurik gabekoa. Mintzalaguna euskara hobetu nahi duen pertsonaren bidaidea da, laguntzailea. Taldearen dinamizatzailea da, hitzorduak finkatzen dituena eta solasaldien gidaria. Mintzalagunaren lana euskarari eustea da, ez akatsak zuzentzea, adierazkortasuna lantzea baita lehentasuna.

Mintzalaguna boluntarioa da, ez du ezer kobratzen eta egitasmoaren koordinatzailearekin harreman iraunkorrak izango ditu.

MINTZAKIDEA (bidelaria)

Euskara erabili eta hobetu nahi duen pertsona da. Mintza landuko du, adierazkortasuna, hiztegia, jariotasuna...mintzalagunak une erosoak eskainiko dizkio, lasai aritzeko tokia. B1 maila eta hortik gorako ezagutza edukitzea komeni da. Mintzakideari eskaintzen zaion zerbitzua doakoa da, mintzalagunaren laguntzari esker egiten dena, alegia.
Mintzakideak ez du zertan hizkuntzaren lau trebetasunetan maila bera izan. Irakurtzen, idazten edota gramatikan hutsuneak eduki arren, ulermenean eta mintzamenean gutxieneko maila badu, aski izango du parte hartu ahal izateko.

HIRUKOTEKA eta LAUKOTEA

Normalean hirukote edota laukoetan elkartzea proposatzen dugu: mintzalagun bat eta bizpahiru mintzakide. Taldeak zenbait irizpideren arabera osatzen ditugu, batik bat antzeko interesak eta zaletasunak dizutenak elkartzen ditugu. Noizean behin, taldeak elkartuko ditugu zenbait ekintza elkarrekin egiteko eta egitasmoa erakargarriagoa izateko.

Talde handiagoak ere egin daitezke. Eta kasu batzuetan baita bikoteak ere, norbaitek hala eskatuz gero, ez dugu trabarik jarriko.

JARDUNAREN XEDEA.

Helburu nagusia zerbitzu bat eskaintzea da. Hau da, Plan Estrategikoan adierazi den moduan, euskara praktikatzeko mugak dituzten herritarrentzat zerbitzu bat eskainiko dugu.

Euskaraz lasai eta eroso hitz egin ahal izateko egoerak sortuko ditugu, azterketen eta bestelako presioen zamarik gabekoak.

JARDUNA NOLA BIDERATU

Taldeak astean behin elkartuko dira. Gutxienez, ordubetez. Mintzalagunek dinamizatzailearekin harreman iraunkorra izango dute, laguntza jasotzeko, ideiak jasotzeko, solasaldietako gaiak proposatzeko, balizko arazoak konpontzen laguntzeko.

Hitzordua leku publikoetan egitea lehenetsiko dugu: kalean, tabernetan, elkarteetan... ekimena ikusgarria izan dadin eta kale erabileran eragina izan dezan nahi dugulako, eta erakargarria izan behar duelako.

GURASOLAGUN

Aurten Mintzalagun egitasmoaren baitan berrikuntza bat egin nahi izan dugu: Gurasolagun. Talde hauek berezitasunak izango dituzte, izan ere, ume txikiak dituzten gurasoak izateaz gain, umeekin batera ekintzak egiteko aukera ere aurreikusten dugu.

DINAMIZATZAILEA

Dinamizatzailearen lan nagusia talde bideragarriak osatzea da. Mintzalagun eta mintzakideen gogoa, zaletasunak, prestasuna, egutegia aztertu, eta hirukote bateragarriak osatzea.

Mintzalagunekin edo bidelagunekin harreman estuagoa izango du euren jardunean laguntzeko, betebeharra eraginkorragoa izateko eta sor daitezkeen arazoetan laguntzeko.

Taldeen arteko harremanak eta kanpo ekintzak ere dinamizatzaileak koordinatuko ditu.

Dinamizatzaileak Jarraipen Batzordean parte hartuko du eta ordutegi jakin bat zehaztuko du. Ordutegi horretatik at egingo diren kanpo ekintzetan eta hitzorduetan ere parte hartuko du.

Dinamizatzailea posta elektronikoz arituko da helbide honetatik: pasaia_mintza@aek.eus Dena den, telefono bat ere izango du udaleko langileekin eta mintzalagunekin harreman pertsonala eduki ahal izateko: 688647159. Zenbaki hori bera Watsapp gisa aktibatuta egongo da.

KANPO EKINTZAK

Mintzalagun Egitasmoaren taldeak autonomoak dira. Gune komunikatibo autonomo eta erosoa osatzen dute. Mintzalagunei konpromiso hori baino ez zaie eskatuko, asteroko hitzorduari eutsi  beharko diote. Hala eta guztiz ere, gure partetik talde horiek, iaz bezala, noizean behin elkartzeko ahalegina egingo dugu, baterako hitzordu horiek oso baliagarriak baitira komunikazio-sare berriak sortze aldera.

Batetik, aldiro Pasaian eta eskualdean dagoen kultura agendaren berri emango diegu, bakoitza bere aldetik joateko ala elkarrekin joateko, gainera zenbait ekitalditan mintzalagunek eta mintzakideek deskontuak izango dituzte; bestetik, noizean behin hitzordu komunak proposatuko dizkiegu. Lan hori dinamizatzailerena izango da.

Gure udalerriaren ezaugarriak direla eta, Pasaia osoko hitzorduek ez dute arrakasta handirik izaten. Halere, hasierako eta bukaerako deialdi bateratuez gain, ikasturtean beste hiruzpalau kanpo ekintza egitea bideragarria ikusten dugu, iaz bezala.

Barrutietan. Barrutietan noizean behin elkartzea errazago ikusten dugu. Hirukoteen ezaugarriak ezagututakoan, eta mintzalagun izango direnenekin mintzatutakoan, barrutietarako balizko hitzordu batzuk finkatuko ditugu, elkar ezagutzeko eta egoera komunikatibo komunak sortzeko asmoz. Dagoeneko iaz aritutako mintzakideekin zenbait hitzordu finkatu ditugu: musika emanaldia, abesteko, mintzodromoa, besteak beste.