Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/11/21
Kontu Kantari Pasaiako Solasaldi Musikatuak ekimenak Esti eta Mikel Markezen emanaldiarekin itxiko du aurtengo egitaraua
Abenduaren 1ean, Antxon
Kontu Kantari Pasaiako Solasaldi Musikatuak ziklo kulturalak amaiera emango dio abenduan arrakastaz beteriko edizio bati.
“Pasaiako publikoak harrera beroa egin die antolatutako lehen hiru kontzertuei, herriko bazter guztiak musikaz eta emozioz bete baitituzte, ekimen honen sustrai sakonak erakutsiz” adierazi du Aitor Brion Kulturako eta Ondareko zinegotziak.
Azken emanaldia Antxoko Kultur Etxean izango da abenduaren 1ean 19:00etan. Oraingoan, Mikel eta Esti Markez aita-alabak izango dira oholtza gainean, “Ibilbidean” ikuskizunarekin. Bikote honek kontzertu berezia eskainiko du, azken urteotan elkarrekin ezagun egin dituzten abestiak eta bakoitzaren bakarkako lanak interpretatuz: Estiren kantu garaikide eta freskoak, eta Mikelen klasiko eta hunkigarriak.
“Mikel eta Esti modu natural eta biluzian aurkeztuko dira, ahotsa eta gitarra besterik gabe, publikoari beren abestiekin gozarazteko: antzinakoak, egungoak eta etorkizunerako keinuz betetakoak. “Ibilbidean” ikuskizuna familia bikote honen onena biltzen duen ibilbide musikala da” adierazi du zinegotziak.
Sarrerek 5 euroko prezioa dute eta salgai daude Bibe.me plataforman.
Oihana Maritorenak aurkeztuko du aurtengo azken Kontu Kantari
Musikari izateaz gain, Mikel eta Esti solaskide bikainak dira. Kontzertuan zehar, publikoarekin partekatuko dituzte beren lanaren nondik norakoak, abestiak sortzeko prozesua, etorkizuneko proiektuak eta iraganeko oroitzapenak. Aukera paregabea izango da haien ibilbidea gertutik ezagutzeko. Lan hori zuzentzeko Oihana Maritorena aktorea izango da aurkezle lanetan.
Ziklo ahaztezin baten amaiera eta 2025erako beste edizio bat
“San Pedron Olatz eta Iñaki Salvadorrekin hasi zen zikloa, Trintxerpen Jurgi Elizarekin jarraitu, Donibanen Garirekin gozatu, eta Antxoko emanaldiarekin borobilduko da. Kontu Kantari Pasaiako kultur egutegiko ezinbesteko hitzordu bihurtu da” esan du Brionek.
Udal Gobernutik oro har, eta bereziki Kultura Sailetik, harrotasuna adierazi dute 2024. urte honetan Kontu Kantari-Pasaiako Solasaldi Musikatuak zikloak izan duen ibilbideagatik.
Bere printzipioei fidel, datorren urterako beste edizio bat prestatzen ari dira jada: euskarazko kontzertu gehiago, belaunaldi ezberdinetako euskal kantarien eskutik, eta hitzak eta elkarrizketak protagonismo berezia izango duten saioak.
“Laster emango da horren berri, baina orain, gero arte esateko garaia da. Eskerrik asko ekimen honi egin diozuen harreragatik” amaitu du Aitor Brionek.