Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/01/30

Pasaiako merkataritzan euskara sustatzeko ekintzak martxan

Pasaiako Udalak eta Laurak Bat elkarteak, udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduekin elkarlanean, datozen 10 urteetarako sektorerako euskararen plan estrategikoa osatu zuten. Plan estrategiko horren baitan hainbat ekintza jarri dituzte martxan eta datozen hilabeteetan abiaraziko dituzte horietako batzuk.

Alde batetik, jendaurreko idatziak gutxienez euskaraz egon daitezen, Udalaren itzulpen zerbitzua eskuragarriago izango dute orain merkatariek whatsapp bidezko zerbitzuari esker. Eskaerak egiteko, nahikoa izango dute 943004334 telefono-zenbakira mezua bidaltzea, itzuli edo zuzendu nahi duten testuarekin batera.

Halaber, udalak merkatariekin adostu du establezimenduetako errotuluak euskaraz jartzeagatik ematen diren dirulaguntzak handitzea, eta datozen hilabeteetan onartuko da igoera.

Euskara ikastaroei dagokienez, gaur egun merkatari eta ostalariek dirulagutza bereziak dituzte euskara ikasteko. Hala ere, proposatu da merkatarien artean galdetegi bat zabaltzea, haien beharrak jaso, eta ondoren haiei ahalik eta ondoen egokituko zaizkien ikastaroak diseinatzeko.

Azkenik, urtarrilaren 24ko bileran, Laurak Bat elkarteko eta Udaleko kideak kanpaina bat diseinatzen aritu ziren, merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera indartzeko lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia azpimarratzeko.