Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/09/26

Azken egunak udal ludoteketan izena emateko

Irailaren 30era arte

Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak udal ludoteketan izena emateko epea zabaldu du, irailaren 30era arte. 4 eta 12 urte bitarteko haurren izen-ematea Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxoko egoitzetan egin daiteke jada, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:30era.

Ludotekak gizarte- eta hezkuntza-ekipamenduak dira, haurrek topaketarako eta jolaserako leku bat izan dezaten; gainera, gizarteratzea ere gara dezakete. Ildo horretan, haurrak modu sortzailean garatzeko, lagun berriak egiteko, irudimena lantzeko eta, partekatuz, jokoez arduratzeko aukera ematen duten espazioak ere badira. 

Honakoa nabarmendu du Julen Rodriguez Aboy Haur, Nerabe eta Gazteen zinegotziak: “Jolasa haurren garapen, osasun eta ongizaterako ezinbestekoa da, eta baita haien eskubide unibertsala ere”. Zinegotziak nabarmendu du ekipamendu horien helburua “euskararen erabilera aberastea” ere badela, ikastetxeetatik kanpo hori naturaltasunez egiteko espazioak eta baldintzak eskainiz.

Jolas-jarduera ugari egiten dira ludoteketan; esaterako, jolas askeak, mahai-jokoak, lantegiak, txotxongiloak, txangoak, irteerak, jolas kooperatiboak, etab. Urtero 350 haur inguru hartzen dituzte Pasaiako ludotekek.

Hiru ludotekek ekainera arte izango dituzte ateak zabalik, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00era, eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara. “Izena ematen duten haurrak ez daude egunero joatera behartuak”, ohartarazi du Rodriguezek, “egoki irizten dioten egunetan joan daitezke”. Betiere, dagokien txandan, ludotekak adinka antolatuta baitaude.

Urte hauetan ludoteketako instalazioak progresiboki egokitzen ari gara, ekipamendu moderno, funtzional eta alaiak sortzeko”, mintzatu da zinegotzia. “Aldaketa horiek oso ondo hartu dituzte bai haurrek eta bai haien familiek” amaitu du Rodriguezek.

Ikasturte osorako matrikula 57,32 eurokoa izango da, baina familia ugarientzat eta zailtasun ekonomikoak dituztenentzat hobariak daudela gogorarazi du udalak.

Matrikula zuzenean egingo da:

Matrikulazio-orria (PDF 1,7 Mb)