Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2019/03/04

Martxoaren 8a: Erakunde-adierazpena

Bizitzak erdigunean!

2018an gizarteak mezu argia jaso zuen, Mugimendu Feministak martxoaren 8rako deitutako grebak izandako erantzuna ikusita: kaleak bete ziren, eta lankidetza-sareak sustatu ziren, emakumeek aukera-berdintasuna aldarrikatzeko hasitako borrokak atzera bueltarik ez duela adierazteko.

2019an indarrean jarraitzen dute emakumeen aldarrikapenek, lelo honen pean: bizitzak erdigunean!  Aurten ere kaleak hartuko ditugu, emakumeok bizitza jasangarriak, indarkeria matxistarik gabekoak, askotarikoak eta duinak izateko eskubidea aldarrikatzeko. Hau da, bizitzea merezi duten bizitzak. Beharrezkoa da emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia salatzea; etxeko lana balioa, aberastasuna eta ongizatea sortzen duen jarduera ekonomiko gisa aitortzea; pentsio duinak izateko eta mendekotasunari aurre egiteko neurri eta baliabideak lortzeko borrokan jarraitzea; era guztietako indarkeria matxisten aurka borrokatzea; eta bazterkeria eta arrazakeria arbuiatzea.

Gure udaletik, emakumeei eragiten dieten zapalkuntza eta diskriminazio sistema guztiak desagerrarazteko lan egin behar dugu

Eta zer esan nahi du horrek zehazki?

Bizitzaren iraupenerako lan guztiak beharrezkoak diren heinean, bai ordaindutako lanak eta bai ordaintzen ez direnak; eremu pribatutik atera behar ditugu gehienetan emakumeoi egokitzen zaizkigun zaintza-lan guztiak; horrek esan nahi du etxeko lanen eta zainketa lanen erantzukizuna gizarteratu behar dela, eta gizonek eta erakunde eta entitate publikoek erantzukizun zuzenak hartu behar dituztela.

Estrategikoa eta funtsezkoa da, denboraren erabilera orekatzea, berdintasun-politikak eraginkorrak izan daitezen. Europako berdintasun-adierazleen arabera, Denboran esku hartzeak aldaketak eragiten ditu boterearen, ezagutzaren, diruaren eta enpleguaren nagusitasunean.

Horiek horrela, Pasaiako Udalak honako erabaki hauek hartzen ditu:

  • -Pasaiako Udalak bere gain hartzen du benetako berdintasun eraginkorra bermatzen duten politika publikoak garatzeko, eta horiek garatzeko beharrezko baliabideak jartzeko erantzukizuna.
  • -Pasaiako Udalak bere gain hartzen du zainketa-lanak politika publikoen erdigunean jartzeko erantzukizuna,  udalerrian sentsibilizazio- eta prestakuntza-jarduerak eginez.
  • -Pasaiako Udalak bat egiten du Mugimendu Feministak egindako greba-deialdiarekin, eta emakume langileek eta karguak dauzkatenek greba egin dezaten ahalbidetuko du.
  • -Pasaiako Udalak, emakumeen taldeek eta Mugimendu Feministak martxoaren 8rako udalerrian deitzen dituzten manifestazio, elkarretaratze, jarduera eta ekitaldien zabalpena egingo du.
  • -Pasaiako Udalak herritarrei dei egiten die martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Mugimendu Feministak antolatzen dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.