Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/02/27

Martxoaren 8a Pasaian: “Gure ahotsek mundua astintzen dute”

Tailerrak, aurkezpenak, solasaldiak eta mobilizazioak antolatu dira herrian hilabete osoan zehar

Martxoaren 8a dela eta egitarau zabala prestatu du Pasaiako Udalak Trintxerpeko Topaketa, Bekoz-Beko, Entre Orillas, Ekaitza gazte taldea eta Bixi-Bixi elkartearen laguntzarekin.

Hitzaldiak, solasaldiak, aurkezpenak, erakusketak, mobilizazioak eta beste zenbait ekimen antolatuko dira martxoan herrian. 

Aintzane Taberna Ezkurra Berdintasuneko zinegotziak azpimarratu duenez, “martxoaren 8aren bueltan urtez urte egitarau sendo eta parte-hartzailea osatzea ezinbestekoa da borroka feministak modu eta forma desberdinetan bizirik eta ikusgarri jarrai dezan. Egun bakarreko aldarrikapena baino askoz gehiago da; egiturazko zapalkuntzei aurre egiteko herri mailako lanketa kolektiboa da”.

Tabernaren hitzetan, “emakumeon ahotsak, esperientziak eta borrokak erdigunean jartzea dagokigu, eta instituzioek herriko mugimendu feministarekin elkarlanean urrats ausartak ematea”. Era berean, nabarmendu du egitaraua belaunaldi guztiei zuzendutakoa dela: “txiki, gazte, heldu zein adinekoei zuzendutako ekimenekin, berdintasuna eta askatasuna eguneroko praktiketan txertatu nahi ditugu”.

Aurtengo berrikuntzen artean, ‘Herriko sekretuaren bila’ izeneko ihes-gela antolatuko da eta emakumeen argazki-erakusketa digitala ikusgai izango da herriko 4 pantailetan. Egitarau osoa:

Martxoak 4

Udalak mahai inguru hau antolatu du: “Emakumeen desioa eta plazera: zor den aitortza”.

Trintxerpeko Alkateordetzan 17:00etan.

Martxoak 5

“Herriko sekretuaren bila” izeneko ihes gela antolatu du Udalak. Trintxerpe – San Pedroko ludotekan izango da 17:30etik aurrera eta 7-12 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendua dago.

Genero-berdintasunaren balioa modu dibertigarri eta parte-hartzailean lantzeko jarduera bat da. Ekimenaren helburua da txikienek berdintasunaren, errespetuaren eta eskubideen inguruko oinarrizko kontzeptuak ulertzea eta eguneroko bizitzan aplikatzeko tresnak eskuratzea.

Martxoak 6

Emakumeen arteko entzute taldeak antolatutako jarduera parte-hartzailea eta dinamikoa: “Auzoan bizikidetza sostengatzen duten ahotsak eta sareak”. Saioan zehar, Adinkideko kakorratz-lanak egiten dituztenek landutako pankartaren eredua ikusgai izango da. Ondoren, luntxa antolatu da.
11:30ean Trintxerpeko Gernika plazan. 

Martxoak 7

Bixi Bixi elkarteak autodefentsa tailerra antolatu du Donibaneko Kulturgunean 09:30 – 13:30 bitarte.

Ondoren, bertso bazkari musikatua egingo da Bixi-Bixin, 14:00etatik aurrera. Bertan, Nerea Ibarzabal eta Uxue Alberdi bertsolariak eta Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra musikariak izango dira. Sarrerak Berezi okindegian eros daitezke. Informazioa: 667722144.

Martxoak 8 – Emakumeen Nazioarteko Eguna

Ekaitza Gazte Taldeak “Lore moreak” izeneko haurrentzako jolasak antolatu ditu Trintxerpeko Azkuene parkean, 12:00etatik aurrera. 

Egunean zehar, Pasaiako Mugimendu Feministak elkarretaratzea egingo du.
Ordutegia udal webgune eta sareetan argitaratuko da.

Martxoak 11

Ipuin kontaketa Ixabel Agirresaroberen eskutik: “Babak eltzetik ateratzen”. Antxoko liburutegian izango da 17:30ean. Sinopsia: Neskek hamaika estutasun pasatzen dituzte. Beraiek erabakitzeko gaitasuna badutela ikusiko dute saioan zehar, adarra jotzeko ere bai.

Martxoak 13

Naia Torrealdairen eskutik Amaieratik hasi. Euskal Feminismoa, aldaketarako paradigma liburuaren aurkezpena eta solasaldia. Donibaneko Kultur Aterpean izango da 18:30ean. Solasaldian liburuko gogoeta pertsonal eta kolektiboak partekatuko dira.
Helburua: minak politizatu eta emozio kolektiboetatik abiatuta, askatzaileak izango diren proposamenak eta jarduteko bideak iradokiko dira.

Martxoak 31

Bekoz-Beko eta Udalak kafe-solasaldia antolatu dute: "Feminismoa: gaur, orain, inoiz baino beharrezkoago?”. 
Elokaldetodas-en izango da (Zumalakarregi kaleko 7 zenbakian, Antxon) 18:00etan.

Martxoan zehar

Entre Orillas elkarteak eta Pasaiako Udalak “Emakumeen argazki-erakusketa digitala” ikusgai jarriko dute herriko 4 pantailetan.

Kontrakoa aipatzen ez bada, jardueretarako sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Informazio gehiago: berdintasuna@pasaia.net helbide elektronikoan eta  943344034 / 911 telefono zenbakian.

EGITARAUA