Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/07/22
Itsas jatorriko uholdeen aurretiko abisu sistema aitzindaria aurkeztu dute Pasaian
AZTIk eta Euskalmetek garatutako proiektuak aukera emango du Pasaiako uholde arriskua zehaztasun handiagoz aurreikusteko

Gaur goizean, Pasai Donibanen, itsas jatorriko uholdeen aurretiko abisu sistema aitzindaria aurkeztu dute Pasaiako alkate Teo Alberrok eta José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatuak. Bertan izan dira, halaber, Iraitz Pazos Pasaiako Ingurumen zinegotzia, Gloria Vázquez Aldundiko Ingurumen Administrazioko zuzendaria, Joana Auzokoa Pasaiako Ingurumen teknikaria, eta Irati Epelde eta Pedro Liria AZTIko ikerlariak. Azken biek AZTIk berak eta Euskalmetek garatu duten proiektuaren inguruko xehetasunak eman dituzte.
Aurkezpena Santiago plazan egin da, itsas denboraleek eragindako uholdeen aurrean udalerriko gunerik kalteberenean. Bisitan, bertaratutakoek ura sartzen den guneak ezagutu dituzte, baita Udalak etxebizitzetan eta saltokietan kalteak murrizteko jartzen dituen babes hesiak ere. Era berean, uholdeei aurrea hartzeko proiektu berriaren funtzionamendua ezagutu dute.
Jasangarritasun Departamentuak 26.900 euro bideratu ditu ekimen honen lehen bi faseak garatzeko; guztira, proiektuaren aurrekontuaren %75 da, 35.876 eurokoa baita. Lehen fasea amaituta dago, eta ilargi marea, olatuak, itsasoaren maila eta portuko uraren mugimendua bezalako aldagaiak lotzen dituen formula matematiko bat garatu da. Formula horri esker zehaztu daiteke noiz dagoen benetako uholde arriskua Santiago plazan eta inguruan. Orain hasiko den bigarren fasean eredua baliozkotu eta hobetu egingo da, Euskalmeten iragarpenekin integratuko da, eta arrisku adierazlea herritarrentzako aurretiko abisu sistema operatibo bihurtuko da.
Sistemak uholde arrisku handia antzematen duenean, Pasaiako Udalak komunikazio protokolo bat aktibatuko du, arriskuan egon daitezkeen herritarren ezaugarrietara egokituta. Informazioa udalaren webgunearen, sare sozialen, Telegram kanalaren eta udaleko informazio pantailen bidez zabalduko da. Arriskua handiena den egoeretan, informazio oharrak jarriko dira kaltetuak izan daitezkeen atarietan, eta Udaltzaingoak zuzenean emango dizkie abisuak herritarrei. Arreta berezia eskainiko zaie adineko pertsonei, bereziki emakumeei, eremu horretako biztanleen artean talderik ugariena direlako.
Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, “larrialdirik onena saihestea lortzen duguna da. Prebentzioan inbertitzeak arriskua iritsi aurretik pertsonak babestea esan nahi du. Proiektu honek erakusten du zientziak, teknologiak eta erakundeen arteko lankidetzak herritarren segurtasuna hobetzeko eta gure udalerrien erresilientzia handitzeko tresna erabilgarriak garatzeko aukera ematen dutela, klima aldaketaren ondorioen aurrean”.
Bestalde, Pasaiako alkate Teo Alberrok adierazi duenez, “proiektu hau Pasaiako hainbat gunetan, bereziki Donibane eta San Pedroko auzo batzuetan eta batez ere Santiago plazaren inguruan, urte luzez bizi izan dugun egoera zehatz bati erantzuteko sortu da. Aspalditik ikusten genuen abisu orokorrak ez zirela nahikoak gure udalerriaren errealitateari erantzuteko, eta gure beharretara egokitutako tresna bat behar genuela”. Gainera, nabarmendu du “tokiko behar horretatik proiektu aitzindari bat sortu izana, AZTIrekin eta Euskalmetekin batera garatua, erakusten duela udalerriek egunerokoan dituzten erronkak beste lurralde batzuentzat ere erreferentzia izan daitezkeen irtenbide berritzaile bihur daitezkeela”.
Benetako behar bati erantzuteko sortutako proiektua
Pasai Donibane Gipuzkoako kostaldeko itsas jatorriko uholdeen aurrean kalteberenetako bat da. Azken urteotan gero eta sarriago gertatu dira ur sarrerak Santiago plazan. Horrek Udalari gero eta maizago babes hesiak eta behin-behineko beste elementu batzuk jartzera behartu dio, etxebizitzetan eta saltokietan kalteak murrizteko.
Hala ere, itsas denboraleengatik ematen diren abisu orokorrek ez dute beti zehaztasunez islatzen puntu zehatz honetan gertatzen dena. Batzuetan prebentzio neurri guztiak aktibatzen ziren, baina azkenean ura ez zen sartzen. Beste batzuetan, berriz, uholdeak gertatzen ziren Donibanerako nahikoa zehatza zen abisurik gabe. Egoera horrek agerian utzi zuen benetako uholde arriskua zehaztasun handiagoz aurreikusteko aukera emango zuen tresna propio bat behar zela.
Horretarako, AZTIk Santiago plazarako berariazko adierazle bat garatu du. Euskalmetek, berriz, sistema baliozkotzen eta iragarpen meteorologiko eta ozeanografikoekin integratzen parte hartzen du, adierazlea herritarrentzako benetako aurretiko abisu sistema bihur dadin.






