Eduki publikatzailea

Antxoko Luzuriagako aparkalekuak argiztapen berria du

Argiztapena hobetzea Antxoko segurtasuna hobetzeko planean jasota dago

Antxoko barrutian dagoen Luzuriagako aparkalekuak argiztapen berria du, indartsuagoa. Zehazki, argi zaharrak kendu eta 21 LED argi berri jarri dira 6 argi-puntutan.

Jarduketa honez gain, beste batzuk ere egin dira, barrutiko eremu batzuetan argiztapena hobetzeko; eta neurri horiek guztiak Antxoko barrutiko segurtasuna hobetzeko planaren barruan jasota daude.

Ikusgaitasuna hobetzeko jarduketa horiei dagokienez, 12 LED argi berri jarri dira Gure Zumardian.

Lan horiekin bukatzeko, laster 24 argi-puntu berri jarriko dira topoko arkupeetan.

Argiztapena hobetzeko egin diren lan horiek guztiek, eta topoko arkupeetan egiteke daudenek, guztira, 30.323 euroko kostua dute.

Antxoko barrutian segurtasuna hobetzeko jarduketa horiez gain, beste neurri batzuk ere hartu dira, hala nola: zainketa poliziala areagotzea. Eta beste neurri batzuk hartuko dira aurki, esaterako, bideo-zaintzako kamerak jartzea.