Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/12/23

Pasaiako Udalak argi berdea eman dio Luzuriagako obren lehen faseari

Antxoko bulego-eraikina kulturgune bihurtzeko proiektua eta kontratazio-espedientea aho batez onartu ditu plenoak

Pasaiako Udalak Luzuriagako bulego-eraikin historikoa birgaitzeko obren lehen fasea egiteko proiektua eta kontratazio-espedientea onartu ditu, aho batez, abenduaren 23ko plenoan. Antxoko eraikin enblematikoa “herriko ehun sozial eta kulturala biziberrituko duen ekipamendu kultural” bilakatuko da, Teo Alberro Pasaiako alkateak ziurtatu duenez.

Barrutiko alkateorde Mikel Garciak ziurtatu du “gobernuak nahi izango lukeena baino motelagoa” izan dela gaur arteko prozedura. Izan ere, urtebete igaro baita Gobernuak eraikinaren lehen aurkezpen publikoa egin zuenetik Antxoko elizan. Ordutik, besteak beste, Espainiako Kultura Ministerioari luzapena eskatu zitzaion inbertsioa egin ahal izateko, Donostiako Udalak obra-lizentzia eman arte ezin izan da aurrerapauso gehiagorik eman.

Esku-hartzearen lehen faseak 6.259.994,25 euroko lizitaziorako oinarrizko aurrekontua izango du (BEZ barne). Lanak gauzatzeko epea 14 hilabetekoa izango da, kontratua sinatu eta, beranduenez, bi astera zenbatzen hasita.

Egin beharreko obren artean daude, kasu, barne-egituraren zati bat eraistea, beste zenbait egitura egonkortzea, zimenduak jartzea eta metalezko egitura berriak sortzea. Gainera, eraikina iragazgaiztu eta isolatuko da, bai eta inguruak urbanizatzeko jarduketak egin ere.

Eraldaketa horren helburua argia da: Luzuriagako eraikina Pasaiako komunitate-nortasuna indartuko duen kultura-topagune bihurtzea.