Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/02/16

Udalaren eta ICO-ren arteko bilera, Luzuriagako bulego-eraikina erosteko

Bilera otsailaren 15ean egin zen Madilen

Izaskun Gomez Pasaiako alkatea eta Jose Ignacio Asensio ahaldun nagusiordea Jose Carlos Garcia de Quevedo Kreditu Ofizialeko Institutuko (COI) presidentearekin bildu ziren otsailaren 15ean Madrilen, Luzuriagako bulego-eraikina erosteko egiten ari diren gestioen esparruan. Bilera oso garrantzitsua zen, Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioari atxikitako kreditu-erakunde horrek % 80tik gorako partaidetza baitu Nafarroako Gobernuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin partekatzen duen eraikinaren jabetzan.

Pasaiako Udalak sei milioi euro jasoko ditu Estatuko Aurrekontu Orokorretatik, higiezina erosi eta kultura eta gizarte izaerako zentro handia bihurtzeko egokitzapen lanak egiteko. Alkateak positibotzat jo du lan-bilera, eta erosketa jabeekin adosteko kudeaketak erritmo onean doazela adierazi du. Izaskun Gomezek adierazi duenez, eraikina erosi ondoren, parte hartzeko prozesu bat irekiko da ekipamendu berriaren erabilerak eta edukiak zehazteko: “Luzuriaga aukera bikaina da Pasaiarentzat, eta hasieratik izan nahi dugu herritarren laguntza”.

ICOrekin egindako elkarrizketa Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin egindakoen jarraipena da. Era berean, Donostiako Udalarekin harremanak izan dira, eta Udalak prestasun osoa erakutsi du lurzatia erabilera sozial eta kulturaletara bideratzeko beharrezkoak diren hirigintza-izapideetan aurrera egiteko. Jose Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, Pedro Sanchezen Gobernuak sentsibilitatea erakutsi du aurrekontuetan partida bat sartzeko, eta horri esker, “Luzuriaga funtsezko ekipamendua izango da Pasaiaren berroneratzea eta pasaitarren kultura- eta gizarte-zerbitzuak hobetzeko.”