Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/02/08
Udal ludoteketan matrikulatzeko epea irekita
Otsailaren 1etik 28ra

Donibaneko ludoteka erabat berritu da, eta laster Antxoko ludoteka lekuz aldatuko da Eskalantegi kaleko 45. Zenbakiko kokapen berrira.
Antxo, Donibane eta Trintxerpe-San Pedroko udal ludotekek matrikulazio-epea irekiko dute otsailaren 1etik aurrera eta hilaren bukaera arte, 2022-2023 ikasturteko bigarren zatirako, oraindik ere ludoteketako bazkide ez diren haurrentzat.
Zerbitzu hau 4 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduta dago, udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailaren esku dago, eta Kantauri Ludiko Elkarteak kudeatzen du. Oso harrera ona du udalerrian, eta orain arte arratsaldeetan eta larunbat goizetan ludotekaren jarduerez gozatu duten haurrak asko dira, 250 baino gehiago.
Ludoteketan egiten diren jardueren bidez, haurrei jolaserako eta harremanetarako gune bat eskaintzen zaie, behar-beharrezkoa dutena. Hala eta guztiz ere, haurrek euren garapenerako, afektibitatearen orekarako eta nortasunerako jolasa dute funtsezko jarduera. Horretarako, arlo horretan espezializatuta dauden ludotekarien laguntza dute.
Kontuan hartu behar da jokoa Unicefek onartutako eta NBEko estatu kide gehienek berretsitako haurren eskubideen Konbentzioan aitortutako oinarrizko eskubideetako bat dela.
Aldi berean, bere helburua haurrek eskolan ikasten duten euskara aberastea da, beti ez baitute kanpoan hitz egiteko aukerarik.
Ludoteketan jolas-jarduera ugari egiten dira, beste haur batzuekin eta inolako presiorik gabe elkartzeko, jolasteko eta harremanak izateko gune seguruak dira. Besteak beste, jarduera hauek egiten dira: jolas librea, mahai-jokoak, tailerrak, txotxongiloak, txangoak, jolasak eta liburuak mailegatzeko zerbitzua, etab.
Hiru zentroen funtzionamendu-ordutegia hau da: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara. Izena ematen duten haurrek ez dute egunero joan beharrik, baizik eta haurrek eta haien familiek beharrezkotzat jotzen dituzten egunetan. Horretarako, adinaren araberako txandak ezartzen dira.
Ikasturte honen bigarren zatian (otsailetik ekainera) izena emateko epea otsailaren 28an amaituko da. Geroago, ezin izango da beste inskripziorik egin. Ikasturtearen bigarren zati horretarako ezarritako kuota 28,66 € da.
Eskabidea formalizatzeko unean, kuota ordaintzeko eskatuko da. Era berean, instalazioak ezagutu nahi dituzten pertsona heldu zein haur guztiek ludoteketan har dezakete hitzordua, lokalak ezagutzeko.
Matrikula zuzenean hemen egingo da:
- -Antxoko ludoteka (behin-behinekoz La Anunciata ikastetxeko etxabeetan)Tel.: 623286260; antxoludoteka@gmail.com.
- -Donibaneko ludoteka (J. J. Otaegi plazan). Tel.: 943-344328; donibaneludoteka@gmail. com
- -Trintxerpe-San Pedroko ludoteka (Espinosa de los Monteros plazan) Tel.: 943-392510; trintxerpesanpedroludoteka@gmail.com
Urte hauetan, ludoteketako instalazioak goitik behera aldatzen ari dira, eta ekipamendu moderno, funtzional eta alaiak bihurtu dira. Aldaketa horiek oso ondo hartu dituzte bai haurrek eta bai haien familiek. Trintxerpe-San Pedrokoa izan da erabat birmoldatu den lehenengo ludoteka. Ikasturte honetan, Donibaneko ludotekak eraldaketa handia izan du, eta horrek zabaltasuna, argitasuna, funtzionaltasuna eta estetika eman dio ludoteka berriari. Ludoteka itsasoaren munduan girotu da, eta izugarri gustatu zaie instalazioetara joaten diren haurrei, bai eta haien familiei ere.
Antxoko ludoteka La Anunciata ikastetxearen etxabeetan kokatuta dago behin-behinekoz, izan ere lehengo eraikina (Azoka) bota egin zen udan, topoa lurperatzeko obren ondorioz. Dena den, laster lekualdatuko da.
Kokapen berria Luzuriaga izeneko etxearen beheko solairuan dago (Eskalantegi 45), hilabeteak daramatzate etxabea egokitzeko lanak egiten, eta laster bukatuko dituzte. Horri esker, ludotekaren beharretara egokitutako ekipamendu modernoa eskaini ahal izango da Antxon, izan ere, barruti horretan ludoteka-zerbitzuak oso harrera ona du.