Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/08/30

Udal ludoteketan ikasturte berria

Izena emateko irailaren 15etik aurrera

Ludotekak leku seguruak dira, eta inoiz baino beharrezkoagoak. Antxoko ludotekan beste gela bat gehiagorekin jarraituko du, aforoa handitzearren

Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak eta ludoteken kudeaketaz eta koordinazioaz arduratzen den Kantauri Ludiko Elkarteak Udal Ludoteketako izena emateko epea irekiko dute irailaren 15etik 30era, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 17:00etatik 19:30era. 

Ludotekak Pasaiako lau barrutietako haurren eskura daude: Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxo. 4 eta 12 urte bitarteko haurrak hartzen dituzte. 

Ludoteken jarduna urriaren 1ean hasiko da, eta datorren urteko ekainaren 18ra arteko iraupena izango du, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 18:30era txikienentzat (4-8 urte) eta 18:30etik 20:00etara handienentzat (8-12 urte) aste barruan. Larunbatetan adin guztietarako irekita egongo dira, 11:00etatik 13:00etara, aforo jakin batzuekin. 

Antxoko Ludotekan aurten ere beste gela bat gehiago erabiliko dugu espazio gehiago izan eta erakunde eskudunek ezartzen dituzten aforoekin bete ahal izateko. 

Pandemia egoeran gauden honetan, Sailak eta Ludotekek lehentasuna eman behar diegu haurren segurtasunari. Horregatik, osasun-agintariek eta Gaztematika sareak (Foru Aldundiak eta haur, nerabe eta gazteentzako politikak garatzen ditugun Gipuzkoako udalerriek osatua) ezarritako aforoak eta segurtasun-protokoloak bete behar ditugu, ahalik eta segurtasun handiena bermatzearren. 

Ludotekak Inoiz baino beharrezkoagoak dira, pandemia eragin handia edukitzen ari delako haurren osasun emozionalean. Hain zuzen ere, haurren garapen, osasun eta ongizaterako ezinbestekoa da jolasa, haurren eskubide unibertsala dena. Halaber, ezinbestekoa da haien adineko pertsonekin harremana izatea, eta mugimendua ere behar-beharrezkoa dute. Horregatik, oso inportantea da haurrentzat hezkuntza ez formaleko guneak izatea; esaterako, udan izan dituzten Udaleku Irekiak, eta orain ikasturtean zehar izango dituzten Ludotekak; gune horiek ezinbestekoak dira jolaserako, sozializaziorako eta norberaren garapenerako.

Gainera, gizarte- eta hezkuntza-ekipamendu hauetan euskara aberasteko aukera dute, eta alderdi sortzailea garatzeko, lagun berriak egiteko, irudimena bizkortzeko eta jolasak partekatuz, horien ardura hartzeko aukera ere badute.

Jolas-jarduerak egoera berrira egokitzen ari dira, haurrentzat seguruak izan daitezen. Ludoteken barne-funtzionamenduko protokoloak ezartzeaz gain, familiei protokolo horien berri emango dizuegu, eta horiek betetzeko laguntza eskatuko dizuegu.

Udal ludotekak egokituz joango dira pandemiaren egoeraren arabera, eta zerbitzua emateko modua alda dezakete, unean uneko egoeraren arabera. 

Izen-emateak ludoteketan bertan egingo dira: Trintxerpe-San Pedrokoa Espinosa de los Monteros plazan dago, Pobladon; eta telefono bidez egin nahi izanez gero, honakoa da telefonoa: 943-392510.  Donibanekoa lehengo Herri Eskolan kokatuta dago, JJ Otaegi plazan; eta telefono bidez egin nahi izanez gero, honakoa da telefonoa: 943-344328 eta Antxon oraingoz Azokan eta telefonoa 943-248512 da.

Urritik ekainera bitarteko ikasturte osorako kuota 57,32 €-koa izango da. Izen-ematea formalizatzeko fitxa bete behar da, eta ondoren, frogagiriak ludoteketan aurkeztu behar dira.

Ludotekak Udalaren zerbitzuak dira, eta haurren artean harrera ezin hobea dute. Normalean urtero  gutxi gorabehera 350 haur izaten dira Udal Ludoteketako bazkideak. 

Udal ludotekak funtsezko zerbitzuak dira Pasaiako Udalak garatzen duen haur, nerabe eta gazteen politika sustatzeko; eta beroietan haurren oinarrizko eskubideak bermatzen dira, hala nola: euskara, berdintasuna, inklusioa, aukera berdintasuna, eta jolaserako eskubidea, oinarrizkoa dena.