Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2022/06/23
Ikasturte bukaera ludoteketan: txangoak eta jarduera dibertigarriak
Pasaiako udal ludoteketan amaitu da ikasturtea; eta ondo bukatzeko, jarduera ugari eta indartsuak antolatu dituzte. Ikasturtean ia 200 haurrek hartu dute parte, eta hori kopuru handia da, kontuan hartzen badugu osasun-egoera zaila bizi izan dugula eta edukieraren aldetik murrizketak izan ditugula.
Hiru udal ludoteketako handiena denak, hau da, 8 urtetik 12 urtera bitartekoak hartzen dituenak, ekainaren 11n egun osoko txangoa antolatu zuen. Goizean Kalaburtzara eta ondoren Arrokaundietara joan ziren bertan barbakoa ederra egitera.
Horrez gain, ekainaren 14an kale hezitzaileekin batera San Pedroko arraun elkartera hurbildu ziren arraun mundua ezagutzera; nork daki arraunlaririk sortuko ote zaigun hortik...
Txikienek, alegia, 4 urtetik 8 urtera bitartekoek, barruti bakoitzean jarduera ugari egin zituzten ekainaren 4an. Trintxerpe-San Pedroko haurrak farora joan ziren jolas ugari eta hamaiketakoa egitera. Pasai Antxoko haurrek Molinao parkera egin zuten irteera eta Donibanekoek, berriz, pijama festa antolatu zuten ludotekan bertan.
Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxoko ludotekak gizarte- eta hezkuntza-ekipamenduak dira; Pasaiako Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Sailaren mende daude, eta Kantauri Ludiko Elkarteak kudeatzen ditu. Oso harrera zabala dute Pasaiako familien artean.
Udal ludotekak funtsezko zerbitzuak dira Pasaiako Udalak garatzen duen haur politikan. Haurren oinarrizko eskubideak bermatzen dira beroietan, hala nola: euskara, berdintasuna, inklusioa, aukera berdintasuna eta jolaserako eskubidea.