Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2020/10/13

Udal ludoteketan izena emateko azken egunak

Ludotekak leku seguruak dira, eta inoiz baino beharrezkoagoak

Antxoko ludotekan beste gela bat gehiago izango da, aforoa handitzearren

Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak eta ludoteken kudeaketaz eta koordinazioaz arduratzen den Kantauri Ludiko Elkarteak Udal Ludoteketako izena emateko epea ireki dute irailaren 23tik aurerra, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 17:00etatik 19:30era. Jada izena emateko azken egunetan gara.

Dena dela, Antxoko ludotekako izen-ematea amaitu da jada, haur askok eman dutelako izena, eta ezin ditugulako gehiago hartu, ludotekaren azalera handitu dugun arren. Izan ere, beste gela bat gehiago erabiliko dugu aurten, aurreko urteetan haur eta gazteentzako ikastaroetarako erabiltzen zena.

Pandemia egoeran gauden honetan, sailak eta ludotekek lehentasuna eman behar diegu haurren segurtasunari. Horregatik, osasun-agintariek eta Gaztematika sareak (Foru Aldundiak eta haur, nerabe eta gazteentzako politikak garatzen ditugun Gipuzkoako udalerriek osatua) ezarritako aforoak eta segurtasun-protokoloak bete behar ditugu, ahalik eta segurtasun handiena bermatzearren. 

Ludotekak Pasaiako lau barrutietako haurren eskura daude: Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxo. 4 eta 12 urte bitarteko haurrak hartzen dituzte. 

Inoiz baino beharrezkoagoak dira, Covid-19ak eragindako konfinamenduak eragin handia izan duelako haurren osasun emozionalean. Hain zuzen ere, haurren garapen, osasun eta ongizaterako ezinbestekoa da jolasa, haurren eskubide unibertsala dena. Halaber, ezinbestekoa da haien adineko pertsonekin harremana izatea, eta mugimendua ere behar-beharrezkoa dute. Horregatik, oso inportantea da haurrentzat hezkuntza ez formaleko guneak izatea; esaterako, udan izan dituzten udaleku irekiak, eta orain ikasturtean zehar izango dituzten ludotekak; gune horiek ezinbestekoak dira jolaserako, sozializaziorako eta norberaren garapenerako.

Gainera, gizarte- eta hezkuntza-ekipamendu hauetan euskara aberasteko aukera dute, eta alderdi sortzailea garatzeko, lagun berriak egiteko, irudimena bizkortzeko eta jolasak partekatuz, horien ardura hartzeko aukera ere badute.

Jolas-jarduerak egoera berrira egokitzen ari dira, haurrentzat seguruak izan daitezen. Ludoteken barne-funtzionamenduko protokoloak ezartzeaz gain, familiei protokolo horien berri emango dizuegu, eta horiek betetzeko laguntza eskatuko dizuegu.

Ludoteken jarduna orain hasiko da, eta datorren urteko ekainera arteko iraupena izango du, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 18:30era txikienentzat (4-8 urte) eta 18:30etik 20:00etara handienentzat (8-12 urte) aste barruan. Larunbatetan adin guztietarako irekita egongo dira, 11:00etatik 13:00etara, aforo jakin batzuekin. 

Udal ludotekak egokituz joango dira pandemiaren egoeraren arabera, eta zerbitzua emateko modua alda dezakete, unean uneko egoeraren arabera. 

Izen-emateak ludoteketan bertan egingo dira: Trintxerpe-San Pedrokoa Espinosa de Monteros plazan dago, Pobladon; eta telefono bidez egin nahi izanez gero, honakoa da telefonoa: 943-392510.  Donibanekoa lehengo Herri Eskolan kokatuta dago, JJ Otaegi plazan; eta telefono bidez egin nahi izanez gero, honakoa da telefonoa: 943-517290   Antxon itxita dago izen-ematea.

Urritik ekainera bitarteko ikasturte osorako kuota 57,32 €-koa izango da. Izen-ematea formalizatzeko fitxa bete behar da, eta ondoren, frogagiriak ludoteketan aurkeztu behar dira.
Ludotekak Udalaren zerbitzuak dira, eta haurren artean harrera ezin hobea dute. Joan den ikasturtean, gutxi gorabehera, 350 haur izan ziren Udal Ludoteketako bazkideak. 

Udal ludotekak funtsezko zerbitzuak dira Pasaiako Udalak garatzen duen haur, nerabe eta gazteen politika sustatzeko; eta beroietan haurren oinarrizko eskubideak bermatzen dira, hala nola: euskara, berdintasuna, inklusioa, aukera berdintasuna, eta jolaserako eskubidea, oinarrizkoa dena.

 

MATRIKULA ORRIA

PDF (0,8 Mb)