Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/03/27

Lonjako estalkian 1.250 lore eta landare berri eta berdegune babestuak ezarriko ditu Udalak

Lorategiak egoera onean mantentzeko bizilagunen laguntza galdegin du Udalak

San Pedroko Lonja gaineko lorategiak berritu eta edertzeko lanak hasi ditu Pasaiako Udalak. Lehen fase batean lore-multzoak babesteko zintarria ipini da, eta bihar, martxoak 28, lore eta landareen landaketari ekingo diote Zerbitzuetako langileek.

Lonja gaineko berdeguneetako ia 290 metro koadroko eremuari eragingo diote jarduketek. Bertan, bederatzi motako lore eta landareak landatu eta guneetako batzuk egokituriko zintarriz babestuko dira. Jarduketa horien kostua 15.253,38 eurokoa izango da, BEZa barne.

Lorategiak zaintzeko deia
Udalak lorategiak zaintzeko deia egin die bizilagun eta bisitariei. 1.250etik gora lore eta landare landatuko dira aipaturiko eremuetan, eta horiek zaintzen laguntzera deitu dituzte pasaitarrak udaletik.

Lorezaintza arloko langileek ohartarazi dute estalkiko plaza zabaldu denetik zaila izaten ari dela lorategi eta berdeguneak egoera onean mantentzea. Belardietan zuloak antzeman izan dituzte (atxikitako irudian adibidea), eta bertako lurrak harrotuta, nahiz gorotzekin.

Gogorarazi dute, gainera, indarrean dagoen araudiaren arabera, txakurrak lotuta eraman behar direla espazio publikoetan. Kartelak eta seinaleak jarri dira jada, horretaz ohartarazteko.

Halaber, Udalak txakur-jabeen laguntza eskatu du lorategiak mantentzeko eta bizilagun guztientzako espazio atseginagoa sortu ahal izateko.