Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/07/29

San Pedroko Lonjako gainazaleko plaza aurki irekiko da herritarren gozamenerako

Uztailaren 28an Pasaiako Portuko Agintaritzak (PPA) iragarri du San Pedroko Lonjan egin duen obra hemendik egun batzuetara amaituko dela, eta bukatu bezain laster zabalduko duela jendaurrera. Urbanizazio lanek hamar urteko iraupena izan dute, eta tarte horretan Pasaiako Portuko Agintaritzak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 4 milioi euro inbertitu dituzte. Azken fasea 2020. urtean hasi, eta Lonjaren estalkia eta fatxada bukatzeko izan da.

Espazio berri horrek 16.000 m² inguruko dimentsioa dauka. Beraz, pasaitarrek Lonjako Plaza ez ezik estalkiaren zabaldegia ere gozatzeko aukera izango dute. Horiekin batera alboko fatxadan lorategi landaretsua ezarri da paisaia naturalagoa izan dadin. Horren harira, Udalak eta Portuak lanean dihardute mantentze-lanen eta erabileraren kudeaketarako hitzarmen bat sinatzekotan. 

Inaugurazioa goizean izan da. Hainbat kargu publiko bertaratu dira: Joakin Telleria, PPAren lehendakaria; Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Denis Itxaso, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria; Teo Alberro, Pasaiako alkatea; eta Álvaro Rodríquez Dapena, Estatuko portuen presidentea.

Pasaiako alkateak espazio berri horren irekiera positiboki baloratu du. Haren ustetan, beste urrats bat da Portuaren eta Pasaiaren arteko elkarbizitzarako. Alberrok gogora ekarri du administrazio publikoaren erdigunean daudela herritarrak, eta, hortaz, obra horren bidez badian gertatzen diren harremanei eusteko baliagarria izango dela.  

Alkateak urrats horrek beste erronka bat dakarrela azpimarratu du. Hain zuzen ere, adostasuna bilatu beharra dago jarraian aipatzen diren arlo hauetan: hiri eremuaren erabileran, industria-jardueraren antolamenduan eta ingurumenarekiko inpaktua gutxitzean

Bukatzeko, herritarrei eta bisitariei mezu zuzen bat bidali die: “Espazio berri hau, Portuarekin akordioa egon ezkero udalak kudeatuko duena, denen lekua izango da; beraz, guztion ardura da zaintzea, jendeak disfruta dezan".