Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/03/05

Baina zer ari zaigu gertatzen? Pasaiako emakumeak pandemiako bizipenak partekatzen

Clara Wolframek, Kontxi Lópezek eta Eneritz Ibarrak ondutako liburuxkaren aurkezpena

Urte bat igaro da Euskal Herrian Covid 19aren lehen kasuak antzeman zirenetik; orduz geroztik milaka izan dira hildakoak, bai gurean, bai munduan, eta herritarron bizitzak errotik aldatu dira. Covid-19az hitz egiten dugu, baina ia ez ditugu aipatzen guregan gainjarri diren beste hainbat birus, esate baterako, beldurra, tristura eta kezka, txertatzeko zailak direnak eta prebenitzeko askoz ere zailagoak. Edota gutxitan partekatzen dugu taldean krisi honek nola eragiten duen gutako bakoitzarengan, gure bizimoduetan, gure elkarbizitzan, gure harremanetan, ohituretan, lanean eta ekonomian. Baita gure osasun emozional eta afektiboan ere. Gutxitan aipatzen dugu besarkadarik, musurik eta gizartean parte hartzeko gunerik gabe gaudela. 

Nola eragin dute pandemiak eta prebentziozko neurriek Pasaiako emakumeengan? Galdera hori arakatzen osatu dugu gaur aurkezten dugun ilustrazio liburuxka hau, Pasaian bizi edota lan egiten duten 44 emakumeren ahotsak eta bizipenak jasotzen dituena: Baina zer ari zaigu gertatzen? Pasaiako emakumeak pandemiako bizipenak partekatzen. Clara Wolfram Perez eta Kontxi López Soriak idatzi dute, eta Eneritz Ibarra Azpeitiak egin ditu ilustrazioak, hitz, emozio eta bizipenen horien gaineko sormen lanak ahalbidetzen digu hitzez gain, ilustrazio bidez, liburuxkak jasotzen duen ibilbidea marrazten, koloreen zein irudien bidez. 

Hasteko eta behin, Izaskun Gómez Cermeño, Pasaiako alkateak, eskerrak eman dizkie parte hartu duten emakume guztiei eta honako hau adierazi du: “Osasun, ekonomia eta oro har krisi sozial honek guztioi eragiten digu, baina emakumeei gogorrago. Izan ere, neurri handi batean, krisi honek eguneroko egitekoak beren gain hartzen dituztenei eta askotan egoera prekarioak jasaten dituztenei erasaten die: bakarrik bizi diren adinekoei, familiako harremanetan indarkeria matxista jasaten ari direnei, baliabide ekonomiko gutxien dituztenei, lan ezegonkorrak dituztenei, pertsonen zainketan dihardutenei, eta egoitzetan, ospitaleetan, merkataritzan eta garbiketan ari direnei. Eta kasu horietan guztietan gure errealitatea osatzen duen eremu orotan gehienak emakumeak dira.” Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du bizipen horiek jasotzea eta zabaltzea; berdintasun eza ikusaraztea, emakume guztiontzako errespetua eta justizia aldarrikatzeko, eta Pasaia berdinzaleagoa eraikitzeko.

Jarraian, Loreto Osa Ocon Gizarte Ekintzako eta Berdintasuneko zinegotziak ere eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten emakumeei eta honako hau zehaztu du: “orain artean, emakumeen egitekoak (osasuna, zaintza, hezkuntza, elikadura, garbitasuna, etab.) bereziki ikusezinak eta gaizki baloratuak izan badira, pandemia iristearekin batera, argi gelditu da zein beharrezkoak diren eguneroko bizimoduari eusteko”. Hori dela eta, jendarte berdinzaleago bat lortze aldera, lan horien guztien aitortza eta banaketa beharrezkoa dela azpimarratzeaz gain,  adierazi du, erronka eta desafio berriak identifikatzeko, ezinbestekoa dela bizitzen ari garen dimentsio ugariko krisi hau genero ikuspegitik aztertzea eta lantzea. 

Liburuxkaren idazleak diren Perez eta Soriak, hasteko, metodologiaren zehaztapenak aipatu dituzte. Parte hartu duten emakumeak astotarikoak izan dira: emakume gazteak, emakume zaintzaileak, bizitzako bigarren zatian dauden emakumeak, Berdintasun Mahaiko kideak (herriko emakume eta talde feministetako ordezkariek zein barrutietako ordezkariek osatua), emakume migratzaileak eta, azkenik, gizarte langileak, hezitzaileak, teknikariak eta irakasleak. Hortaz, ahots batzuk elkarrizketetan parte hartu duten emakumeenak dira eta haien bizitzako eskarmentuari buruz hitz egiten digute. Beste batzuek ikusten dutenari buruzko ikuspegi orokor bat ematen digute, hainbat emakume artatzen ari izan direnez. Gaineratu dute, ez dela bizipenen jasotze soil bat izan: “Gure ustez, topo egitea eta gure bizipenak eta esperientziak partekatzea ariketa askatzailea, ahalduntzailea eta oso sendagarria izan da krisi honetan; izan ere, zailtasun horiek partekatzean, konturatzen gara emakumeek antzeko zailtasunak izan dituztela, komunean dugun zerbait dugula, hau da, emakumeoi eragiten digun berdintasun eza.

Liburuxkak bost atal ditu, eta batez ere, garrantzitsuena izan da pandemiak eta askotariko neurriek Pasaiako emakumeen bizitzetan izan dituzten eraginak jasotzea. Horrez gain, bizi izandako emozioak eta garatutako estrategiak bildu dituzte, besteak beste. 

Lanaren helburuari dagokionez, honako hau gaineratu dute: “Pasaian ez genuen Pasaiako emakume guztien azterketa estatistiko edo adierazgarririk egin nahi, baizik eta giza topaketa batzuk antolatu, pandemiak jarri digun garai zail honetako bizipenak partekatzeko. Nola eragiten digun elkarrekin hausnartzeko. Horren emaitza kontakizun kolektibo bat da.

Eta azkenik, Eneritz Ibarra Azpeitia ilustratzailea eta diseinatzailea ere aurkezpenean izan da, eta egin dituen ilustrazioen inguruan, deigarriak dira emakumeen buruetan irudikatu dituen txirikordatutako ileak, adarrak, zirkuluak. Azpeitiak honakoa zehaztu du: “buruan sortzen dira ideia borobilak, sendabide indartsuak eta baita kezka, zama eta korapilo potoloak ere”. Baina horiek transformatuz, eraldatuz doaz, bizipenak eta errealitateak estatikoak ez direlako, eta bide horretan ahalduntzea, emakumeen arteko sareak sortzea eta emakumeen bizi baldintzak hobetzeko bitartekoak garatzea bezalako erremedio hoberik ez dagoenez, azalera ekarri du saltoka edo korrika eskuartean “paraxuta” edo “poltsa” duen emakume bat. “Baikortasun adierazpen bat eskaini eta irribarre bat atera nahi izan diot irudi honekin irakurleari. Ez dakit parakaidas bat dugun esku artean edo poltsa batekin moldatuko garen, denok jarri baitugu sormena martxan pandemia garai honetan! Zalantzarik gabe bidean aurrera goaz”. 

Beraz, kalean da Baina zer ari zaigu gertatzen? Pasaiako emakumeak pandemiako bizipenak partekatzen liburuxka, eskura egonen da Pasaiako lau udal liburutegietan; herritar bakoitzak ale bat har dezake doan.