Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/09/19
Pasaiako LGTBIQ+ Bizitzak, lehen aldiz ispiluaren bestaldean
Pasaiako Udalak iparrorratz gisa aurkeztu du LGTBIQ+ komunitatearen erradiografia jaso duen diagnostikoa. Ekintza plana martxan jartzeko konpromisoa adierazi du Udal Gobernuak

Pasaiako Udalak LGTBIQ+ Bizitzak izeneko diagnostikoa aurkeztu du gaur, irailaren 19an, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan egindako ekitaldi publikoan. Azterlan hau Eihera kooperatibak egin du azken urtean, eta Pasaiako LGTBIQ+ komunitatearen errealitatea eta beharrak islatu ditu, herriko norbanako, elkarte, eragile eta udal langileen testigantzetatik abiatuta.
Aurkezpena Teo Alberro Bilbao alkateak eta Laura Ré Lozano Berdintasuneko zinegotziak ireki dute, hurrenez hurren. Hala mintzatu da Alberro: “Gaur aurkeztera gatozena ez da dokumentu soil bat. Ez da datu multzo bat. Bizitzak dira. Bizipenak, emozioak, askotan bakardadean bizi izan diren istorioak. Eta gaur, istorio horiek gure herriaren parte direla aitortzen dugu, harrotasunez eta ozen. Pasaiak badaki nondik datorren. Badakigu askotan gure kaleak isilpeko borroka txikiz bete izan direla. Eta gaur hemen gaudenok, irudi kolektibo hau aurkeztuta, mezu garbi bat bidali nahi dugu: gure herriak ez du onartuko diskriminazio gehiago, ez du onartuko inor bigarren mailan bizitzera kondenatzea”.
Rék gehitu du Pasaiak “lehen aldiz ispilura begiratu diola modu ausart eta garden batean”. Zinegotziaren esanetan: “Diagnostiko hau ez da soilik azterketa teknikoa. Pasaiako aniztasunaren mapa emozionala da. Ahotsak eta errelatoak jasotzen ditu, gure kaleetan isilarazita edo ikusezin geratu diren bizipenak erdigunean jarriz. Eskubideak paperean idatzita egotea ez da nahikoa: diagnostikoak erakusten digu non dauden oraindik arrakalak, non dagoen beldurra eta non behar dugun erantzun politiko sendoa”.
Gobernuburuak nabarmendu du diagnostiko hau ezinbesteko urratsa dela politika publiko justuak modu eraginkorrean diseinatzeko. “Herri batek ezin ditu benetako berdintasunerako politikak martxarazi bere herritarren errealitatea ezagutzen ez badu. Diagnostiko hau da gure iparrorratza, gure ekintzak benetako beharretan oinarritzeko bide emango digun tresna”, azaldu du Alberrok.
Diagnostikoa, ekintza-planaren oinarri
Ia urtebeteko ikerketaren ostean osatutako diagnostikoari esker, lehentasunezko neurri batzuk identifikatu dira, eta Udal Gobernuak konpromisoa hartu du ekintza-plan bat osatzeko horien inplementazioa bermatzeko.
Politikarien hitzartzeen ostean, Eihera kooperatibako Unai Riberak gidatuta, diagnostikoan parte hartu duen bizilagun Ane Arbillagak bere testigantza partekatu du oholtza gainean bertaraturikoekin. Ondoren, Kattalin Minerrekin batera ikerketa gidatu duen Iñi Etxezarretak diagnostikoaren ibilbidea eta ondorio nagusiak azaldu ditu.
Herri osoa zeharkatzen duten neurri orokorrak nahiz barrutikako eginbehar espezifikoak jaso ditu azterlanak. Orokorren artean daude, besteak beste: trans errealitateen ikusgarritasunerako bitartekoak sortzea; herriko instalazioen berrikusketa (komun publikoak, aldagelak…); kultur programazio eta aisialdi gune inklusibo, anitz eta parekideak bermatzea, LGTBIQ+ artistei eta erreferenteei lekua emanez; LGTBIQ+ komunitateko kideen saretzerako espazio eta ekimenak ahalbidetzea; edota hezkuntza eremuan indarkeria LGTBIQfobikoaren prebentzio eta sentsibilizazio neurriak sortzea.
Bestalde, barruti bakoitzerako proposamen espezifikoak ere jaso dira, hala nola San Pedron LGTBIQ+ memoria jasotzeko plana, Donibanen kultur programazioan eskaintza handiagoa bermatzea, Trintxerpen norbanakoen saretzea ahalbidetzeko bitartekoak eskaintzea, edo Antxon espazio publikoan ikusgarritasunerako elementu estetikoak txertatzea.
Hala itxi du hitzartzea zinegotzi arduradunak: “Diagnostiko hau ez da helmuga, abiapuntua baizik. Ispiluan ikusi dugun irudi horri erantzun behar diogu neurri zehatzekin: indarkeria mota oro prebenitzeko, aniztasuna ikusarazteko, ahalduntzerako espazioak sortzeko eta errespetuan eta askatasunean sakontzeko. Ez dugu ahaztu behar: gaur ditugun eskubideak ez dira betiko ziurtzat hartu behar. Olatu erreakzionarioak gogor jotzen ari dira gure inguruan. Horregatik, gaurko hitz hauek ez dira soilik aurkezpen bat; konpromiso bat dira: gure herria ez dadila izan inorentzat lekurik ez duen portua, baizik eta amarraleku sendo eta seguru bat”.
Aurkezpen ekitaldiaren ostean, giroari jarraipena emanez, parte-hartzaile eta gonbidatuek bertso-poteoa egin dute herrian barrena, Maialen Lujanbio eta Eli Pagola bertsolarien eskutik. Une horrek aniztasunaren ospakizun kolektiboa eta komunitatearen indarra islatu ditu, ekitaldiari amaiera bizia eta hurbila emanez.







