Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/10/16

Pasaiako LGTBI+ komunitatearen errealitatea ezagutzeko parte-hartze prozesua

Pasaitar guztiek, anonimotasunean, beraien iritziak bidaltzeko aukera izango dute

Aurrean Laura Ré, Kattalin Miner eta Miguel Mari Torrea,  eta atzean Martxel Lizeaga, Arianne Gonzalez eta Iñi Etxezarreta

Pasaiako LGTBI+ komunitatearen errealitateak eta bizipenak ezagutu eta jasotzeko parte-hartze prozesua martxan jarri du Pasaiako Udalak. Laura Ré Berdintasun zinegotziak adierazi du “premiazkoa” zela kolektibo honi begirada jiratzea, “jakin badakigulako komunitate aberatsa dugula Pasaian, baina udala ez delako orain arte jarri euren ahotsak entzun eta beharrak aztertzen”.

Azken urteotan, LGTBI+ mugimenduaren eta mugimendu feministaren ekintzek kolektibo askoren behar eta aldarrikapenak ikusgarri egin dituzte, agenda politikoan protagonismo handiagoa lortuz. Hala ere, oraindik ere urrats gehiago egin behar dira LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko eta LGTBIfobiaren aurka borrokatzeko” adierazi du zinegotziak. Testuinguru horretan, Pasaiako Udalak, Eihera kooperatibaren bidez, Pasaian LGTBI+ errealitateak jasotzeko eta kolektibo honen bizi-baldintza duinak bermatzeko neurriak diseinatzeko prozesu bat abian jarri du.

Proiektuaren helburu nagusiak Iñi Etxezarretak, Ehiera kooperatibako arduradunak, azaldu ditu: “Pasaiako LGTBI+ komunitateak pairatzen dituen indarkeria fisiko eta sinbolikoak aztertu eta identifikatu nahi ditugu, eta LGTBI+ pertsonek bizi dituzten korapiloak, muga nagusiak, aldarriak eta behar zehatzak ezagutzeko helburua dugu”. Horrez gain, herriko LGTBI+ errealitateen argazki eta irakurketa zehatz bat egiteko, komunitateko kideen arteko harremanak eta sarea sustatzeko, eta LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetuko dituzten ekintzak diseinatzeko asmoa dago. 

Horretarako, LGTBI+ politikak sistematizatu eta udalaren esparru guztietan gai horiek zeharkakotasunez txertatzea funtsezkoa izango da”, gaineratu du arduradun politikoak. Gainera, udalaren eta LGTBI+ kolektiboaren arteko elkarrizketa bultzatzea ere helburuen artean dago, LGTBI+ Mahaia eratzea, esaterako. Diagnostikoaren iraupena urtebetekoa izango da eta emaitzak eta ondorioak herritarrei eta parte-hartzaileei aurkeztuko zaizkie. Horretarako, aurkezpen publiko bat egingo da, eta sozializaziorako euskarri bat sortuko da.

Prozesua aurrera eramateko, funtsezkoa da LGTBI+ kolektiboaren inguruan pasaitarren bizipenak eta iritziak jasotzea. Anonimotasunean bidali daitezke horiek. Horretarako, ondorengo formularioa betetzera gonbidatu nahi ditu udalak pasaitarrak:

LGTBI+ BIZITZAK