Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/03/10

Donibaneko Lezobideko zebrabidean ikusgarritasuna hobetu eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko lanak egin dira

Herritarrek barruti batzarrean eginiko eskaerari erantzuteko burutu dira lanak

2025ean lehen aldiz martxan jarri zuen Pasaiako Udalak Barruti Batzarrak izeneko ekimena, barrutiz barruti bizilagunen beharrizanak jaso eta udal jardueraren berri bertatik bertara emateko ekimena. Barrutikako saioetan jasotako kezka eta eskaerak lantzen dihardu Udalak iazko maiatzetik, eta aurki aurkeztuko dira 2026ko datak, iazko etxeko lanen garapenaren berri eman eta aurrera begirakoak jasotzeko.

Donibanen, herritarrek azaldu zituzten behar eta proposamenen artean, Lezobidea kalean ibilgailuek zuten gehiegizko abiaduraren inguruko kezka azaldu zen. Hainbat aukera  proposatu zituzten sanjuandarrek, besteak beste, edukiontziak lekuz aldatzea, zebrabidearen ikusgarritasuna eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko. Horrez gain, abiadura murrizteko neurri zehatzak ere eskatu ziren.

Udal gobernuak, beraz, gunean segurtasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko esku-hartzea abiatu zuen. Horretarako, Udaleko zenbait zerbitzu eta sail bildu eta egoera aztertu ondoren, urrats hauek ematea erabaki da:

  • Meipin, (Lezobidea kaleko 5 zenbakian) dauden edukiontziak zebrabidetik aldentzea, oinezkoen pasabidearen ikusgarritasuna hobetzeko eta oztopo bisual hori ezabatzeko.
  • Bide-markak berritzea, seinaleztapen horizontala hobetuz eta ibilgailuen abiadura murriztera bideratutako pintura-lanak eginez.
  • Datozen egunetan plastikozko pibote batzuk jarriko dira,  ibilgailuen abiadura murrizteko helburuarekin.

Bide-marrei dagokienez, efektu optiko baten bidez ibilgailuen abiadura murrizteko diseinatuak daude. Erreiaren ertzetan margotutako triangelu zuri batzuk dira, errepidea estutu egiten delako sentsazioa sortzen dutenak, eta horrek instintiboki azeleragailutik oina altxatzera bultzatzen du gidaria.

Seinaleztapen hori DGTaren neurri berrien parte da, tarte arriskutsuetan edo zeharbideetan segurtasuna hobetzeko.

Lan hauek Pasaiako Udaleko Zerbitzu Sailak burutu ditu azken asteetan.