Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/09/03

Abian da Pasaiako 2026ko udal-egutegiaren azala hautatzeko argazki-lehiaketa

Saria 500 eurokoa izango da eta argazkiak aurkezteko apea urriaren 3an amaituko da

Irekita da Laurak Bat Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak Pasaiako Udalarekin lankidetzan antolatutako argazki-lehiaketan parte hartzeko epea. Irudi irabazlea 2026ko udal-egutegiaren azala izango da. 

Lehiaketa bi erakundeek sinatutako hitzarmenean jasotako jardueren parte da, eta tokiko merkataritzari, ostalaritzari eta udalerriko zerbitzuei balioa emateko helburuarekin sortu zen. 

Lehiaketaren gaia

"Pasaiako lau barrutietako eta bertako biztanleen eguneroko bizitza". Argazkiek eguneroko jarduera, eta merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzuek Pasaiako bizitzan betetzen duten zeregina islatuko dute. Gure barrutietako eta bertako ehunetako benetako eszenak, egunerokoak eta adierazgarriak erakusten dituzten irudiak. Bereziki baloratuko dira irudi inklusiboak, herri osoa islatzen dutenak.

Nork har dezake parte?

Lehiaketa interesdun guztientzat dago irekita, adin-mugarik gabe, eta izen-ematea doakoa da.

Data nagusiak:

  • Epearen hasiera: 2025eko irailaren 3a.
  • Bidaltzeko azken eguna: 2025eko urriaren 3a.
  • Epaimahaiaren erabakia: 2025eko urriaren 10a.

Nola parte hartu

Argazkiak posta elektronikoz bidali behar dira helbide honetara: info@laurakbat.com; datu pertsonalak eta harremanetarako telefonoa adierazita. Fisikoki ere eraman daitezke Mapfreren bulegora (Zumalakarregi kalea 12, Pasai Antxo). Garrantzitsua da irudi bakoitzak izenburua izatea, eta, ahal bada, deskribapen labur bat eta hartualdiaren data.

Betekizun teknikoak:

  • Argazkiak horizontalean; eta koloretan edo zuri-beltzean.
  • Bidaltzeko gutxieneko bereizmena: 300 p/p.
  • Irabazlea izanez gero, gutxienez 3600 x 2450 pixeleko irudi bat eskatuko da.
  • Argazkiak ezin dira aurretik argitaratuak edo sarituak izan.
  • Pertsonaren bat ezagutzeko moduan agertzen bada, haren baimena beharko da.

Saria

Argazki irabazlea 2026ko udal-egutegiaren azala izango da; eta, horrez gain, 500 euroko saria jasoko du egileak erosketa-txarteletan, eta Laurak Bati lotutako edozein establezimendutan trukatu ahal izango da.

Epaimahaia elkarteko eta udaleko ordezkariek osatuko dute; eta ekimenaren espiritua hobekien irudikatzen duen argazkia hautatuko dute. Azaleko irudia aukeratzeaz gain, gainerako argazkiak Laurak Baten eta Udalaren argazki-artxiboan sartu ahal izango dira, eta etorkizuneko ekintzetan erabili, betiere egilea aipatuz.

Udalak eta Laurak Batek herritar guztiak animatzen dituzte ekimen honetan parte hartzera, tokiko argazki-talentua nabarmentzeko ez ezik, komunitate-sentimendua sustatzeko eta Pasaiako merkataritzak, zerbitzuek eta ostalaritzak eskaintzen duten guztia ikusarazteko ere.

Lehiaketaren oinarri osoak hemen daude eskuragarri: www.laurakbat.eus