Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/04/13
Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeko ordezkaritza batek Pasaia Badia Aktiboa estrategia bisitatu du
Pasaitarrak aktibatzeko Udalaren estrategia bertatik bertara ezagutzeko bisita egin dute

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeko zenbait ordezkari Pasaian izan dira gaur, apirilak 13, Pasaia Badia Aktiboa estrategiaren nondik norakoak ezagutzen.
Pasaia Badia Aktiboa (PBA) herria eta pasaitarrak aktibatzeko Udalaren estrategia integrala da eta Mugiment euskal gizarte aktiboa lortzeko ekintza planaren aterkipean kokatzen da. 2018. urteaz geroztik dihardu herritarrak artatzen, herriko eragileekin sareak ehuntzen, ekimen eta programak sortzen, nahiz herri aktiboagoa lortzeko ekintzak aurrera eramaten.
Legebiltzarkideek bertatik bertara izan dute gaur jarduera guzti horien berri. Lehendabizi Pasai San Pedroko Anbulatoriora bisita egin dute, bertan baitago gorpuztuta Pasaiako Orientazio zerbitzuaren hanketako bat. Osasun-etxeko arduradunek kontatu dute deribazioak nola egiten dituzten, Pasaiako Kirol eta Gizarte Ekintza arloekin zuzeneko hartu-emanean.
Bisitaren bigarren atalean Pasaiako estrategiari buruzko xehetasunak azaldu dituzte Sara Dorronsoro Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Saileko arduradun teknikoak, Xabier Rodriguez Pasaia Badia Aktiboko orientatzaileak, eta Maddi Marquet Pasaia Badia Aktiboko orientatzaileak. Horretarako, Erti udal aretora gerturatu da taldea.
Bisitan honako legebiltzarkide hauek parte hartu dute: Elena Lete Osasun Batzordeko presidentea (Euzko Abertzaleak), Rebeka Ubera Osasun Batzordeko presidenteordea (EH Bildu), Jon Aiartza Osasun Batzordeko kidea (Euzko Abertzaleak) eta Ima Garrastatxu Osasun batzordeko kidea (EH Bildu). Haiekin batera izan dira Pasaiako gobernukideak, Mugiment Ekintza Planaren arduradun teknikoak, Pasaiako Udaleko Kirol eta Gizarte Ekintza sailetako ordezkariak, eta OSI Donostiako San Pedroko Anbulatorioko Lehen Mailako Arretako unitate-buruak.







