Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/09/27
Udalaren eta lan-munduko eragileen arteko elkargune berri bat sortu da, euskara sustatzeko
Euskararen II. Plan Estrategikoa diseinatzeko prozesuan elkargune berri bat sortu zen, Pasaiako Udalak eta lan munduko eragileek lankidetzan jarduteko. Elkargune horretan plan estrategikoan jasotako proposamenak lantzen ari dira, eta enpresa batzuek konpromisoa hartu dute haien enpresetan euskara sustatzeko ekimen bat abian jartzeko.
Ekimenaren abiapuntua izango da Pasaiako enpresa horietan euskararen egoeraren diagnostikoa egitea, hortik abiatuta hurrengo 3-4 urteetarako ekintza planak diseinatzeko. Ibilbide hau egiten hasteko prest 8 enpresa agertu dira eta haiekin abiatuko da prozesua: Estiba, Sobrinos de Cámara, Algeposa, Noatum, Toro y Betolaza, Pasajes garraio kooperatiba, SGS eta Azti.
Urri-abendua bitartean 8 enpresen diagnostikoak eta ekintza-planak diseinatuko dituzte arlo honetan esperientzia handia duen Elhuyar aholkularitzaren laguntzarekin.
Otsailean berriro elkartuko da elkargunea, prozesu honen emaitzak aztertzeko eta ekintza planak gauzatzeko beharrezko tresnak aztertzeko. Ondoren, martxoan, enpresa horiek euren enpresetan euskararen erabilera sustatzeko hartu dituzten konpromisoak eta emango dituzten urratsak komunikatuko zaizkie herritarrei, hedabideen aurrean egingo duten aurkezpen ekitaldi batean.