Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/05/23

La Motora taldearen ezusteko performancea Trintxerpen

Maiatzaren 28an Trintxerpeko Gudarien plazan

Maiatzaren 28an, 18:30etan, Trintxerpeko Gudarien plazan, komunitatearekin batera antzerkia-dantza lantzen duen La Motora taldeak ezusteko performance bat egingo du, Pasaiako bizilagunen begirada eta sentimendua modu sotilean eraldatzeko asmoz. Ikusezina ikusaraztea bilatzen du, materiagabea elikatzea eta, batez ere, guztiok gure bizitzako uneren batean pairatzen ditugun kalteberatasunak eta hauskortasunak serioski hartzea. Artea gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertuta.

Paul Austerrek esan zuen bezala, "arteak ez du berehala gizartea eraldatuko... Arteak beste funtzio bat du, pertsonen buruak eta bihotzak giza bizitzaren aukera zabaletara zabaltzen ditu... ".

La Motora antzerkia-dantza komunitatearekin lantzen duen taldea da, Mafalda Saloio zuzendari eta aktoreak eta Blanca Caballero Adinkide GKEko langileak sortua; eta Pasaiako Udaleko Berdintasun Arloak sustatua. Ekimen honen helburua da lotura afektibo berriak sortzea eta sareak eraikitzea Pasaian adin guztietako pertsonen artean, arreta berezia eskainiz nahi ez diren bakardade-egoerei, eta adineko emakumeak ahalduntzen lagunduz. Betiere, gizarte interdependentea garelako ideiatik abiatuta, eta komunitateko zainketei heldu behar diegulako.