Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/10/29

Sergio Pereirak “La maldición de los inocentes” bere eleberria aurkeztuko du lau barrutietan

Azaroaren 5ean Trintxerpen, 11n Donibane, 19an San Pedron eta 25ean Antxon

Eleberriaren aurkezpena azaroaren 5ean izango da 19:00etan Trintxerpeko liburutegian. Ondoren, egileak beste aurkezpen batzuk egingo ditu Pasaiako gainerako barrutietan. Donibanen azaroaren 11n udal liburutegian; San Pedron azaroaren 19an Antxeta elkartean, eta Pasai Antxon azaroaren 25ean udal liburutegian. Aurkezpen guztiak 19:00etan izango dira.

UNIVERSO DE LETRAS - LA MALDICIÓN DE LOS INOCENTES

Eleberri beltza da, suspense etengabea duena, eta irakurlea hasieratik bukaerara harrapatuko duena. XIX. mendearen amaieran girotua, industrializazio latzak eta karlistaldien ondorioek markatutako garaia. Egileak garai hura ahalik eta zorrotzen islatu nahi izan du, pertsonaien bidez eta benetan gertatutako gertakarien bidez; irakurlea garai haietako errealitatera eraman nahian.

Eleberria publiko guztiari zuzendua dago. Irakurleek suspensezko eleberri bat aurkituko dute, intrigaz betea eta fantasiazko eta beldurrezko generoaren ñabardura batzuekin, eta, aldi berean, industria-eraldaketa, proletarioen egoera miserablea, prostituzioa, delinkuentziaren areagotzea eta desberdintasun sozial izugarriak ezaugarri izan zituzten urte haien kontakizun dramatiko eta errealista batekin.

SINOPSIA

Bilbo, XIX. mende bukaera. Hiria izugarri hazten ari da, industrializazioaren ondorioz; aldi berean, hilketa ilun batzuk gertatuko dira auzo apalenetan. Hilketa horiek bertako bizilagunak aztoratuko dituzte, eta kinka larrian jarriko dute polizia-kidegoa, nahikoa urria dena, horretarako prestatuta ez dagoena, eta lehendik ere gainezka zegoena, azken urteetan delinkuentziak izan duen gorakada kezkagarriaren ondorioz.

Ikerketaren buru den Moisés Velarde inspektoreak hemeretzigarren mendeko bazter-zuloetan barrena eramango ditu irakurleak, karlistaldien ondorioak agerian uzten dituen bazter-zuloetan barrena. Bien bitartean, Sebastián Aguirrek, arrakasta gutxiko idazle gipuzkoar batek, gertakari horietan eta Bizkaiko hiriburuaren elitea inguratzen duten beste misterio batzuetan nahasia ikusiko du bere burua, eta trama konplexu bezain harrigarri hori argitzea beste aukerarik ez du izango, haren errugabetasuna frogatzeko, eta baita bizitza salbatzeko ere. Aguirrek eta Velardek nork bere aldetik beren ikerketa partikularretan aurrera egiten duten heinean, giro ilun eta maltzurra nagusituko da narrazioan, oso ondo egituratutako narrazioa, zenbaitetan denboran atzera egiten duena. Etxe sorgindu batek, txanponez osatutako altxor batek eta gizarte sekretu asaldagarri batek puzzle liluragarri eta beldurgarri bat osatzen dute.

Thriller historiko guztiz bikaina, maisutasunez kontatua, irakurlea lehen orrialdetik azkenera harrapatuko duena. Aztoragarria, lazgarria eta harrapatzailea hasieratik amaierara.