Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/01/30

XXXII. Kultur Astea ospatzeko hainbat ekimen

Otsailaren 2tik 6ra, dantza, musika eta gastronomia protagonista Pasaian

Pasaiako Udal Euskaltegiak XXXII. Kultur Astea antolatu du otsailaren 2tik 6ra bitartean, parte hartu nahi duten pasaitar guztiei zuzendua.

Hainbat ekitaldi antolatu dira, azpimarragarrienak honako hauek:

  • Otsailaren 2an, arratsaldeko 17:30ean, EUSKAL DANTZEN tailerra izango da Axuri Beltza elkarteko Nerea Videiraren eskutik.
  • Urtero bezala, hilaren 4an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan Santa Agedako koplak kantatzera aterako dira Pasaiako Udal Euskaltegia eta Musika Eskola, Beñat Iguaran eta Josu Ibarguren bertsolariekin batera, ikasle, txistulari, trikitilari, Illumbe abesbatza eta bertan parte hartzera animatzen den pasaitar oro lagun dituztela. Gudari plazan elkartuko dira eta Trintxerpeko kaleetan barrena ibiliko dira. Behin ibilbidea amaituta, luncha eskainiko da Trintxerpeko Alkateordetzan.
  • Otsailaren 5ean, film bat proiektatuko da eskolak ematen dituzten ordutegi guztietan (7:00, 9:30, 15:00, 17:00 eta 19:00).
  • Kultur Asteari amaiera emateko Gartziategi sagardotegian afaria izango dute.