Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/03/04

Miquel Iceta kultura ministroa Pasaian izan da, Albaola itsas faktoria ezagutzera

2022ko martxoaren 3an

Miquel Iceta Kultura ministroa Pasaian izan da Albaola ezagutzeko, bere ministerioaren 30.000 euroko laguntza jaso baitu faktoriak. Bisitari hasiera emateko, alkateak harrera egin dio ministroari Albaola Itsas Kultur Faktoriaren atarian. Bere ongietorrian, Izaskun Gomezek azpimarratu du Albaolak itsas kulturaren eta pasaitarren nortasunaren arteko lotura irudikatzen duela, eta nabarmendu du Iceta ministroak Pasaiara egindako bisita babes garrantzitsua dela Albaolak itsas ondarea eta kulturaren alde egiten duen lanarentzat.

Jarraian, Icetak, Denis Itxaso Gobernuko ordezkariarekin batera, Faktoriako instalazioak bisitatu ditu. Bertan, Xabier Agote presidenteak, San Juan baleontziaren eraikuntza erakutsi dio, 2015ean UNESCOren babesa jaso zuena. Era honetan, ministroak zuzenean ezagutu ahal izan du proiektua. Ibilbidean euskal baleazaleen historiari eskainitako erakusketa ikusi dute, eta Faktoriako zenbait ekimen eta proiekturi buruzko azalpenak jaso dituzte, hala nola, Aprendiztegi Nazioarteko Ontzigintza Eskola eta bertako aprendizak eraikitzen ari dituzten ontzi tradizionalak. Horien artean Gipuzkoa, Espainian motorizatutako lehen salbamendu-ontzia. Agotek eskerrak eman ditu, Albaolaren izenean, Kultura ministroa etortzeagatik eta jasotako babesagatik.

Bisitaren amaieran, alkateak ministroari eta Gobernuko ordezkariari itsas txango txiki bat egiteko gonbita egin die, Pasaiako badia zeharkatzeko eta datorren maiatzaren 26tik 29ra bitartean Pasaia Itsas Festibala egingo den paisaiak erakusteko. Izaskun Gomezek egoera aprobetxatu du Iceta Festibala ezagutzera gonbidatzeko eta “pasaiaz eta itsas ondare eta kulturaz modu paregabean gozatzeko”.

Alkateak azpimarratu duenez, Udalaren buruan duen lehentasunetako bat da Pasaiako errealitatea ezagutzera ematea eta balioa ematea, erakundeen babesa lortzeko. Lan hori bereziki agerian geratzen ari da azkenaldian,  Eusko Jaurlaritzarekin topoa lurperatzeko eta zubibidea eraisteko lortutako akordioekin, eta Foru Aldundiarekin Donibaneko saneamendu-proiekturako, Pasaia Itsas Festibala laguntzeko edo Adin Berri eraikitzeko lortutako akordioekin.