Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/09/12

Udazkenerako kultur egitarau oparoa prestatu du Udalak

50 ekitaldi inguru antolatu dira, zinema, antzerkia, erakusketak, musika eta ipuin kontaketak tarteko

Pasaiako Udalak iraila–abendua bitarteko kultur egitarau oparoa aurkeztu du. 50 ekimen inguru antolatuko dira Pasaiako 4 barrutietan, irailetik urte bukaera bitarte, kontzertuak, ipuin kontaketak, dantza emanaldiak, Zinema Txikia eta erakusketak barne.

Urte hasieran egin zen modura, eta pasaitarrek informazio guztia eskura izan dezaten, eskuorri bat sortu du Udalak eta datozen egunetan jasoko dute herritarrek etxean.

Denboraldi berrirako agenda kulturalaren ezaugarri nagusiena “eskaintzaren aniztasuna” dela ziurtatu du Aitor Brion Barneto Kultura eta Ondare zinegotziak. “Diziplina artistiko ahalik eta gehien hartu nahi izan ditugu kontuan, programazioa benetan orotarikoa izan dadin. Horrekin bat, adin eta publiko mota guztietarako pentsatutako agenda diseinatu dugu, Pasaia herri anitz eta heterogeneoa baita, eta gure programazioak hori ere islatu behar baitu”. 

Eskaintza horretan euskarari dagokion lekua ematea bermatu dute, gainera, Brionek aipatu duenez: “Eskaintza nagusiki euskalduna da prestatu duguna, baina  euskara menperatzen ez duten bizilagunak ere kontuan izan ditugu. Hala ere, euskara menperatzen ez duten horiek ere gonbidatu nahi ditugu euskarazko programazioaz gozatzera, Euskaralditik kanpo ere premiazkoak baitzaizkio euskarari belarriprest horiek”. 

Lehen emanaldia irailaren 27an izango da Donibanen: Hostoak Musika Elkarteak antolatu duen kontzertua: “Orbela ehuntzen”.

URRIA

Ekitaldiz jositako hilabetea izango da, izan ere, Zinema Txikiaren denboraldi berria estreinatuko da, herriko haur eta nerabeek euskarazko filmekin gozatu ditzaten. 

Urriaren 4an Urtz-en kontzertua izango da San Pedroko Lonjako plazan. Ia 40 urte bete eta Pasaiako sustraiak dituen taldeak,  bere abesti famatuenak joko ditu doako kontzertu honetan. EITBk kontzertua grabatuko du, aurrerago telebistan emateko helburuarekin.

Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldien edizio berria urriaren 17tik 26ra bitarte antolatu da. Euskarazko, gaztelaniazko eta hitzik gabeko antzerkiak izango dira bertan, besteak beste: “Garbitzailearena”, “Neura”, “Renata, “Pausa, “Itzulera” edo “Charlas de azucarillo”.

Ondartxo eta Illumbe musika elkarteen kontzertuak ere antolatu dira eta “Pimu ausarta” liburuaren ipuin kontaketak 4 barrutietan (liburuak minbiziaren gaia lantzen du, haur baten begiradatik amaren gaixotasuna nola bizitzen duen azaltzen baitu).

AZAROA

Kontu Kantari Pasaiako solasaldi musikatuak bueltan izango ditugu azaroan herrian. Oraingo honetan Sara Mansilla artista gipuzkoarra gertutik ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Azaroaren 14tik 22ra bitartean Ikuskaren 27.edizioa egingo da, eta film labur bikainak ikusteko aukera izango dute pasaitarrek.

Halaber, Santa Zezilia eguna ospatuko da herrian, horretarako, hainbat musika emanaldi eta kontzertu antolatu dira Donibanen eta San Pedron azaroaren 22an.

Dantzak ere protagonismo handia izango du azaroan, izan ere, azaroaren 6an Ana Mendiolaren “Danza del corazón” poesia eta dantza uztartzen dituen emanaldia antolatu da Trintxerpeko alkateordetzan. Gainera, Haatik dantza taldearen “OTS” lana ere izango da azaroaren amaieran.

ABENDUA

“12 cm” erakusketaren 30. edizioa izango da abenduan, eta irekiera ekitaldia abenduaren 12an izango da San Pedron. 

Era berean, Irakurketa Klubaren 10. urteurrena ospatuko da abenduan eta festa berezia antolatuko dute.  Klubean Pasaiako lau barrutietako biztanleak elkartzen dira, talde egonkor batean eta denetarik irakurtzen dute: Euskal literaturako idazle hasi berrietatik literatura unibertsaleko izen handietaraino. 

Sarrerak, Biben

Emanaldi asko doakoak badira ere, ordainpekoak diren emanaldien sarrerak Bibe.me plataforman daude salgai dagoeneko.

Agenda pantailetan eta sareetan

Emanaldien xehetasunak udalaren webguneko AGENDA atalean kontsulta daitezke. Gainera, udal sareetan emanaldien argazkiak eta bideoak argitaratuko dira eta herriko pantailetan argitaratzen den asteroko agendan ere irakur daitezke. 

Emanaldi berriak antolatzen badira edota emanaldien ordutegiak aldatzen badira,  udal webgune eta sareetan iragarriko da informazio guztia.

EGITARAUA