Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/09/29

Haurren artean irakurzaletasuna eta tratu ona sustatzeko ekimenak

Aniztasuna gaitzat hartuta, hainbat jarduera urriaren 5ean San Pedron

Pasaiako haurren artean tratu ona eta irakurzaletasuna sustatzeko helburuz, bi jarduera antolatu dira: alde batetik, aniztasunaren gaia ardatz hartuta, ipuin kontalaria eta tailerrak izango dira San Pedron, eta horrekin batera, gaiarekin lotura duten 100 liburu inguru aterako dira kalera, eta bestetik, Kresala motxila deituriko egitasmoa jarriko da martxan. Azken egitasmo horren bitartez, gaztetxoenek haurren eskubideekin eta tratu onakin lotura duten liburuak eraman ahal izango dituzte etxera. Pasaiako Liburutegiek, Haur eta Nerabeen Eskubideen Sailak, Migrazio eta Aniztasun Arloak, Berdintasun Arloak eta Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak elkarlanean antolatutako ekimena da.

Ipuin kontalaria eta tailerrak, San Pedron

KRESALA egitasmoari behar den bezalako hasiera emateko asmoz, hainbat jarduera egingo dira urriaren 5ean, 17:30ean, San Pedroko udal liburutegi atarian. Liburutegiek aniztasuna ardatz duten 100 liburu inguruko bilduma ondu dute. Bertan, besteak beste, familia aniztasuna, sexu-orientazioa, arraza, gaitasunak, eta genero estereotipoak hausten dituzten ereduak sustatzen dituzten hainbat liburu bildu dira. Horiek guztiak aterako dira San Pedroko kaleetara urriaren 5ean. Ondoren, Mireia Delgado Exposito ipuin kontalariaren eskutik, Hitzak josten ipuin kontaketa izango da, eta azkenik, haurrentzako tailerrak.

Kresala motxila

Haurren eskubideekin eta tratu onakin lotura duten liburuz betetako bina Kresala motxila egongo dira Pasaiako lau udal liburutegietan (Trintxerpen, Antxon, Donibanen eta San Pedron), eta liburuak aldatzen joango dira garai bakoitzean landu nahi den gaiaren arabera. Ekimenari hasiera emateko, aniztasuna ardatz duten liburuek osatuko dute Kresala motxila. Izan ere, Pasaia askotariko eta koloretsu bat sortzeko bidean, ezinbestekoa da gaztetxoenen artean ereduak sortzea, eta zer hobe hori irakurzaletasunaren bitartez egitea baino? Hori dela eta, datozen hilabeteetan aniztasunaren gaia (familia aniztasuna, sexu-orientazioa, arraza...) ardatz duten liburuak etxera eraman ahal izango dituzte haurrek Kresala motxilaren bitartez, eta hiru astez izan ahalko dituzte etxean.

Zeren zain zaude? Jantzi zure kresala motxila eta zabaldu Kresal usaina Pasaian zehar!