Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2018/07/04
Aldez aurreko kontsulta publikoa Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren araudi berria egiteko
Parte-hartzeko epea: Abuztuaren 2rarte
ARDURADUNA: PASAIAKO UDALEKO GIZARTE ZERBITZUAK
PARTE-HARTZEKO: idazkaritza@pasaia.net edo Pasaiako Udaleko Erregistro Orokorrean. Ekarpenak aurkezteko epea: 2018ko abuztuaren 2rarte.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluak ezartzen duenez, lege baten edo erregelamendu baten proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da administrazio eskudunaren web atariaren bitartez, eta jasoko da zer iritzi duten arau berriaren eraginpean gerta litezkeen subjektu eta ordezkaritza handiena duten erakundeek honako hauei buruz:
A) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak.
B) Arau horren onespenaren premia eta egokitasuna.
C) Araudiaren helburuak.
D) Araudi bidezko eta Araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen:
Dokumentu honen helburua da indarrean dagoen Administrazio Prozedura Erkidearen 133.1 artikuluak aipatzen dituen gaiei konponbidea ematea, eta era berean, aldez aurreko kontsulta publikorako oinarri izatea, Pasaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren araudi berria prestatu aurretik, etorkizuneko arauaren eraginpean gerta litezkeen subjektuek eta herritarrek, oro har, parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.
A) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak.
Gizarte Zerbitzuen 1996ko Legean ezarritako arau-esparruan oinarrituta onartu zen etxez etxeko zerbitzuaren indarrean dagoen udal erregelamenduak egokitu beharra du azken urteetan izan diren lege aldaketa garrantzitsuetara.
Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak zein Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak eragin handia izan dute gizarte zerbitzuen arloan
Zehazki, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak erantzukizun soziala duten gizarte-zerbitzuen sistema integratu bat ordenatu eta egituratzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, herritar guztiei gizarte-zerbitzuen euskal sistemako gizarte-zerbitzuak jasotzeko eskubide subjektiboa ziurtatzeko asmoz, prestazio edo zerbitzu bakoitzerako araututa dauden aipatutako sistemara sartzeko baldintza orokorren eta baldintza berezien barruan, eta horretarako:
22. artikuluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoa definitzen du; horrek etxez etxeko laguntza zerbitzua barne hartzen du, eta zerbitzu horiek emateko eskumena udalei ematen die.
185/2015 Dekretuak, urriaren 6koak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzkoak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea garatzen duenak, aipatutako eskubide subjektiboa zedarritzen du, Gizarte Zerbitzuen Legearen katalogoan zehazten diren baldintzak, irizpideak eta prestazioetarako eta zerbitzuetarako sarbidea erregulatuz.
Esandako aldaketa arauemaileez gain, errealitate sozialean ere bilakaera bat antzeman dezakegu: bizi itxaropena handitzeak nahiz gure gizartearen adin piramidea aldatzeak berekin ekarri duten adineko pertsonen hazkunde demografikoa, familia harremanek babes agente gisa izan duten aldaketa, eta gizarte zerbitzuen garapena. Horiek dira eragin handia duten faktoreetako batzuk bizitza bete bat bermatzeko –baita besteren behar maila handia denean edo gizarte babesa falta denean ere– behar diren zerbitzuak zehazteko orduan.
Adineko pertsonek behin eta berriro adierazi dute ahalik eta denbora gehien egon nahi dutela beren etxean, beren bizialdi guztian izan duten gizarte sare erreferentziazko hori galdu gabe, eta horrek, jakina, lehentasuna du pertsona horiei beren mendekotasunak aurrera egin ahala eman behar zaizkien zerbitzuak aintzakotzat hartu eta zehazteko garaian. Horrez gainera, ordea, badira beste alderdi asko ere (etxe ingurua, sarbideak, komunitatean diren laguntza zerbitzuak eta abar) nahitaez kontuan izan behar direnak, besteen beharra duen edo ezintasunen bat duen pertsonak bere bizimodua egiteko dituen aukerak mugatu edo baldintzatzen dituztenak.
Mendetasun egoeran edo mendetasun egoeran egoteko arriskuan dauden pertsonei arreta emateko behar horrekin batera, egoera sozial konplexuak sortzen ari dira, eta badira gizarte ahultasun edo zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak eta familiak etxean laguntza behar dutenak, beren oinarrizko arreta beharrei erantzun ahal izateko.
Horrela, eguneroko bizimodua samurrago egiteko babes eta laguntza zerbitzu edo elementuak jartzeaz gainera, nahitaezkoa da zerbitzu oso bat izatea, besteen beharra duenari edo ezintasunen bat duenari eta gizarte ahultasun eta zaurgarritasun egoeran daudenei beren etxean eta komunitatean kasu egiteko zerbitzu nagusi bat, behar mota askotara egokitzeko eta zerbitzua ordu edo zatika ere emateko modukoa eta, era berean, larrialdiei erantzutea bere gain hartzeko eta zerbitzu beharren aldaketei arin erantzuteko gauza izango dena. Horri dagokionez, etxez etxeko laguntza Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman garrantzi estrategikoa duen zerbitzua da, sostengua ematen baitio norberaren bizitzari eta familiako elkarbizitzari. Izan ere, sostengu hori ezinbestekoa da pertsona askoren bizi-kalitaterako eta lana eta familia uztartzeko, bereziki, emakumeentzat. Erabiltzaileek eta beren inguruak -familiak zein auzokideek- aintzat hartzen duten zerbitzua da, eta pertsona askoren bizi-kalitatea bermatzen du (adinekoak, mendetasun egoeran dauden pertsonak, familia-zama handia duten pertsonak).
Xede horretarako, araudi honek 2017. urtean Gipuzkoako udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Mahaian adostutako itunak jasotzen ditu, honako gaien inguruan; intentsitate malguagoak, zerbitzua urteko egun guztietan eskaintzeko aukera, izaera mugatua, larrialdietako sarbide mota finkatzea eta profil ezberdinetara sarbidea izatea.
Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren araudiak ez du baztertzen Administrazio honetan laguntza pertsonalerako beste zerbitzu batzuk abian jartzeko aukera, bide berritzaileak izan daitezkeenak pertsonen eta beren bizitzarako beharrizanen artean oreka bat izateko; betiere, eskumena duen organoaren oniritzia izanda.
Horrenbestez, udal-araudi honek udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzurako sarbidea arautzen du, zerbitzua erabili nahi duten pertsonak baloratu, horiei zerbitzua jasotzeko eskubidea aitortu, eta arreta pertsonalizaturako plan bat landu denean.
B) Onespenaren premia eta egokitasuna.
Batetik, beharrezkoa da araudia ondoren onartu diren legeetara egokitzea eta, bestetik, beharrezkoa da etxeko laguntza zerbitzua sustatzea, berriz diseinatzea eta hobetzea. Bada, behar horiek kontuan izanik, araudi berri bat onartzea proposatzen da, zerbitzuak egun dituen erronkei aurre egiteko eta, horrela, udalerriko biztanleriaren mesedetan, zerbitzuaren estaldura handitzeko.
C) Araudiaren helburuak.
Araudiaren xedea da Pasaiako udalerriko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua arautzea. Arautegi honek arautzen duen zerbitzua Pasaiako udalerrian emango da, udalak gizarte zerbitzuen esparruan dituen eskumenen baitan.
D) Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen
Zerbitzua arautzeko beste bide batzuk badiren arren, laguntza jadanik arauturik dago Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko 185/2015 Dekretuan; beraz, kasu honetan modurik egokiena da bermaturiko zerbitzu hori eguneratzea eta garatzea.
Pasaian, 2018ko uztailaren 4an
Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia
Izpta.: Sergio Ekiza Ipiña