Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/12/05

Udalak ohartarazi du koltxoien iruzurraren kasu gehiago antzeman direla herrian

Kasu berriak antzeman dira Trintxerpe – San Pedro inguruan

Pasaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Udaltzaingoak ohartarazi dute merkataritza-jardunbide oldarkorrak berriro ere antzeman direla herrian azken asteetan. Oraingoan, kasu berriak Trintxerpe eta San Pedro barrutietan antzeman dira.

Kasu askotan iruzurgileen "modus operandi"a, ustezko enpresako ordezkarien etxez etxeko bisitekin hasten da, adineko pertsonak aurkitzeko familia-inkesta bat uzteko aitzakiarekin. Ondoren, koltxoiak saltzeko prozesu “oldarkorrari” ekiten diote, eta erosleari ez diote uzten eskaintza konparatzen, ezta iritzia aldatzen ere.

Iruzurrok bereziki adineko norbanakoei zuzenduta daude. Hori horrela, departamentu arduradunek aholkatzen dute halako egoeren aurrean etxeko atea ez zabaltzeko; bereziki, bizilagunak tankerako zerbitzurik eskatu ez baldin badu aurrez.

Atea ireki behar izanez gero, lehenago bizilagun, senide edota gertuko beste norbaiti kontsulta egitea gomendatu dute. Bai eta kontratua arretaz irakurtzea, produktua itzuli ahal izateko aukerari buruz informazioa eskatzea, eta erabakia hausnartuta izan arte koltxoi zaharra erretiratzeko baimenik ez ematea ere. Horrekin bat, erosketaren egiaztagiri guztiak eskatu eta gordetzea ere funtsezkoa da.

Horrelako praktika susmagarriak antzematen badira, Pasaiako Udaltzaingoari jakinaraz dakizkioke 943004300 telefono-zenbakira deituta.