Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/06/11
“Pasaia KM0” antzerki jaialdiaren aurtengo edizioa aurkeztu da
Ekainaren 20tik 22ra, Donibanen.

Pasaiako Udalak aurtengo “Pasaia KM0” jaialdia aurkeztu du. Arte eszeniko herrikoiaren jardunaldi hauek ekainaren 20tik 22ra egingo dira, Donibanen.
Pasaia KM0 jaialdia 2023an jaio zen, Pasaian eta inguruko herrietan dauden talde ez profesionalen sorkuntza eszenikoei ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Herritarren arteko topaketa bat da, egunerokoan, herriko plazetan, tabernetan, azoka eta dendetan elkar ikusten duten herritarrak topatzeko modu berezia. Musika, dantza eta antzerkiaren bitartez pentsamendu kritikoa, sortzailea eta ikuslego aktibo eta demandante bat sustatzeko helburua du.
"Udal Gobernutik antzerki amateurraren aldeko apustu irmoa egiten dugu. KM0 erreferente bat bilakatu da dagoeneko, eta lanean jarraituko dugu ikusgarritasun handiagoa lor dezan” aipatu du Aitor Brion Kulturako eta Ondareko zinegotziak.
Iñigo Ortega KM0ko zikloaren koordinatzailea eta Pasaia Badia antzerki eskolako arduradunaren hitzetan: "antzerkiarekiko pasioa ez ezik, Pasaian dagoen talentua ere islatzen duen ziklo baten aurrean gaude. Aurkezten diren lanen kalitatea ukaezina da, eta horrek harro sentiarazten gaitu".
Aurtengo jaialdian 6 emanaldirekin gozatzeko aukera izango du publikoak:
Ekainak 20
19:00 ORRATX!: BIDAIA GALDUAK (Juanba Berasategin).
Ekainak 21
17:00 ANAKRUSA: KALMA (Santiago plazan)
19:00 TREBERA: RECORDANDO A MOCEDADES (Juanba Berasategin).
Ekainak 22
19:00 Askotariko antzerki-emanaldia (hiru antzerki motz bata bestearen segidan).
1- San Pedrotik ALEKA taldearen EMAKUME BAT, BAKARRIK.
2- ANDER LACALLEren ¿FUMAS?.
3- Zurriolatik, BAGA TALDEAren BERNARDA KLOWNEN ETXEA.
"Aurtengo egitarauak ia genero guztiak jorratzen ditu, musikala barne; izan ere, hainbat belaunaldiren oroimen kolektiboaren parte den Mocedades talde bilbotar historikoari keinu berezia egiten zaio” gaineratu du Brionek.
"Lanak herritik sortzen dira eta herriari zuzenean eskaintzen zaizkio. Gure auzokide asko oholtzara igotzen eta beren artearekin gu hunkitzen ikusiko ditugu, eta hori txalotzekoa da” gaineratu du Ortegak.
Iaz bezala, emanaldi guztien bukaeran solasalditxo bat partekatzeko aukera izango da, ikusleen eta antzezleen arteko hartu-emana elikatzeko.
Sarrerak doakoak badira ere, Juanba Berasategin egingo diren emanaldietarako gonbidapenak Bibe.me plataforman hartu behar dira, aforoa mugatua delako.
Aurtengo parte-hartzaileen informazioa
Orratx! antzerki taldea:
Lezon 1998. urtean sortu zen antzerki-talde herrikoia, heldu eta haurrentzako antzezlanak egiten dituena. Testuak sortu, egokitu eta itzultzen dituzte. Beren antzezlan guztiak euskaraz dira eta Euskal Herriko hainbat plazatan aritu dira.
Anakrusa dantza eta antzerki taldea:
Talde antxotarra. Belaunaldi desberdinen arteko harremanak sustatzeko asmoarekin jaio zen. Herriak dituen kezkak eta aldarrikapenak plazaratzen dituzte, mugimendu, hitz eta musikaren bitartez. Hiru lan egin dituzte orain arte, Pasaiako PDF jaialdian estreinatu dituztenak.
Trebera:
Kantua eta antzerkia dira talde honen indarra. Los Miserables, In Memorie bezalako piezak egin izan ditu. Orain Mocedades talde ospetsuari omenaldi bat egiteko asmoarekin igoko dira oholtzara.
Baga:
Zurriola antzerki eskolan jaiotako taldea. Klown munduan murgiltzen dira, Lorcaren klasikoa bat komedia bilakatuz: Bernarda klownen etxea.
Aleka:
San Pedroko talde herrikoia, talde sorkuntzan oinarritua. Askotariko lanak egin izan dituzte, taula gainekoak zein kale-antzerki moduan egindakoak. Oraingoan emakumearen hauskortasunari buruz hitz egingo diete ikusleei.
Ander Lacalle:
Aktore, irakasle, zuzendari, idazle... honek ¿Fumas? obra idatzi du, eta Omar Somai eta Maiaki aktoreekin batera, Bilboko Pabellon 6en saria jaso zuen.
Gaur egun Pasaiako Badia eskolako irakaslea ere bada, eta gure herriko gazteei antzerkigintza irakasten die.