Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/10/25

“Klima-Orratz” proiektuaren lehen saioa San Pedron izango da

Urriaren 30ean, 18:30ean

Pasaiako Udalak ‘Klima-Orratz’ izeneko proiektua abiarazi du, klima aldaketari erantzungo dion prozesua garatzeko asmoz. Lehen saio irekia San Pedroko Udal Aretoan izango da, urriaren 30ean, 18:30etik 20:30era, bertan abiatuko baita “proba pilotua”.

Klima aldaketaren erronkari erantzuteko bide berriak urratu nahi ditugu, eta horretarako, San Pedron proba pilotu bat egitea da asmoa” adierazi du Iraitz Pazos Ingurumeneko zinegotziak. Proiektua Mariana Mazzucato nazioarteko adituak proposatutako “misioen ikuspegia”ri jarraituz garatuko da.

Ikuspegi horretan oinarrituta, San Pedroko eragile publiko, pribatu eta komunitarioak identifikatu eta guztien artean klima aldaketari erantzungo dion prozesu bat burutzea da asmoa. “Izan ere, klima aldaketaren erronka hain da konplexua, ezen ezinezkoa baitzaio administrazioari bakarrik erronka horri erantzutea”, gaineratu du zinegotziak. “Egiteko modu berri batez ari gara, lankidetza publiko-pribatu-komunitarioa bilatzen duena, eta ezagutza eta ahalmen komunitarioak aktibatzeko gai dena”.

Prozesu honek arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da eragile eta norbanakoen parte-hartzea. “Horregatik”, egin du deia zinegotziak, “oso garrantzitsua da urriaren 30eko bilkuran ahalik eta herritar eta eragile gehienek parte hartzea. Bertan emango ditugu proiektuari buruzko xehetasun guztiak”.