Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/10/28

Pasaiako Klima eta Energia plana, aho batez aurrera

Besteak beste, berriztagarrien tokiko sorkuntza bultzatu eta udal kontsumoa %35 jaitsiko da 2030erako

2025eko urriaren 28ko ohiko udalbatzarrean, Pasaiako Udalean ordezkaritza duten talde guztiek aho batez onartu dute 2023-2030 Klima eta Energia Plana. Teo Alberro alkateak adierazi du ekintza “pozgarria eta itxaropentsua” dela, “sinbolikotik asko badu ere, ingurugiroa zaintzeko erreminta praktiko oso indartsua baita”.

“Trantsizio energetikoa gure gizartearen erronka handienetako bat da, eta klima-aldaketari modu eraginkor, zuzen eta iraunkorrean aurre egiteko funtsezko zutabeetako bat”, mintzatu da Iraitz Pazos Ingurumen zinegotzia. Esparru horretan, Pasaiako Udalak lan handia egin du azken urteotan udal esparruan eraginkortasun energetikoaren, kontsumoen murrizketaren eta energia berriztagarrien sustapenaren arloan.

Lan horren ondorioz, Udalak bere instalazioak eta energia-eskaerak sistema eraginkorragoetara eta ingurumen-inpaktu txikiagoko sistemetara egokitzeko jarduerak bultzatu ditu. Besteak beste:

  • Eraikin publikoetako eta herri-bideetako argiztapen-sistemak berritzea, LEDekin ordeztuz luminaria konbentzionala.
  • Klimatizazio sistemak eta ur bero sanitarioa ekoizteko sistemak hobetzea, kontsumo txikiko aerotermia eta termo elektrikoen sistemak ezarriz.
  • Autokontsumorako eta autokontsumo partekaturako sei estalki fotovoltaiko instalatzea, 300 eguzki-panel baino gehiagorekin eta 140 kWp baino gehiagoko potentzia instalatuarekin.
  • Udal ibilgailuen flota pixkanaka elektrifikatzea, lau ibilgailu elektriko eta hibrido entxufagarri bat gehituz, udal emisioak murrizteko.

Jarduera horiek 870.000 eurotik gorako inbertsio publikoa ekarri dute, eta horietatik 140.000 euro baino gehiago Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) laguntzen bidez finantzatu dira.

Neurri horiei esker, nabarmen murriztu da udalaren aztarna energetikoa, eraginkortasuna hobetu da eta kontsumo arduratsuko eredu baterantz aurrera egin da, Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legeak ezartzen dituen betebehar eta helburuekin bat etorriz.

Lege horrek, gainera, toki-administrazioentzat helburu zehatzak finkatzen ditu, eta Pasaiako 2023–2030 aldirako Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planak (KEP) indartu egin du legeak eskatutako lan-ildo hori, 2030erako tokiko jomuga zehatzak ezarriz:

  • Udalaren energia-kontsumoa % 35 murriztea.
  • Tokiko sorkuntza berriztagarria udal-kontsumo elektriko eta termikoaren % 32ra arte handitzea.
  • Udalerriko berotegi-efektuko gasen emisioak % 55 murriztea, 2010. urtearekin alderatuta.

Era berean, KEPak zortzi helburu estrategiko zehazten ditu, artean: Aurrezpen eta efizientzia energetikoa bultzatzea; tokiko energia-sorkuntza berriztagarria sustatzea; kutsatzen ez duten moduetan oinarritutako mugikortasun iraunkorra sustatzea; hiriko osasuna eta erosotasun termikoa babestea; sektore ekonomikoei klima-aldaketara egokitzen laguntzea; edota udalerriaren klima-erronkei erantzuteko aukera emango duen partaidetzazko gobernantza-eredu bat egituratzea.

Esparru estrategiko horrekin bat etorriz, Pasaiarako erronka berria tokiko energia-komunitateak sortzea da, gobernantza eredu kooperatibo eta parte-hartzailea izango duena, herritarrek, enpresek eta administrazioek energia berriztagarria modu kolektiboan ekoiztu, partekatu eta kudeatzeko aukera izan dezaten.

Erronka horretaz jabetuta, Pasaiako Udalak lehen aldiz sartu du 2025eko aurrekontuan zuzkidura ekonomiko espezifiko bat, herritar aktiboak sustatzeko eta laguntzeko energia-komunitatea sortzeko prozesuan.

Horregatik, 2025. urte honetan, Gipuzkoako Energia Bulegoarekin koordinatuta, Udalak hiru prestakuntza- eta sentsibilizazio-saio egitea erabaki du, Pasaian etorkizunean energia-komunitate lokal bat sortzeko oinarri izango den ingurune mesedegarri bat sustatze aldera.