Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/03/11

Hamabost kirolari edo talderen ibilbidea goraipatu da aurten Kirol Galan

Urtero bezala, Pasaiak herriko kirolariak eta elkarteak saritu eta txalotu ditu Juanba Berasategi aretoan egindako ekitaldian

Kirolarien eta taldeen ibilbide oparoa, sustapena eta tradizioa omendu dira aurtengo Kirol Galan.

Izan ere, Kirola ez da lehiaketa hutsa, eraldaketarako tresna bat baizik, batzen eta inspiratzen gaituen hizkuntza unibertsala. Eta aurtengo sarituak horren ispilu dira.

Ekitaldiari hasiera musika emanaldi batekin eman zaio, Pasaiako Musika Eskolako ikasleen eskutik.

Luisma Laboa aurkezleak ekitaldiaren nondik norakoak azaldu ditu, eta kirolaren garrantziaz aritu da: “Diziplina, elkarkidetza, laguntasuna, taldean lan egiten ikastea... hori guztia eta gehiago da Kirola. Pasaian horretaz jakin badakigu; izan ere, kirolari handiak, kirol talde ezin hobeak eta, oro har, kirola maite dugun sare handi bat dugu gure udalerrian.”

Teo Alberro alkateak ireki du ekitaldia: “Pasaian kirolaz hitz egiten dugunean herriaz ere ari gara: herritarrez, elkarteez, klubez, eragileez... kirola herrigintza modu bat ere bada. Plazan, kiroldegian, itsasoan edo zelai batean egiten den lan horren bidez eragin egiten da. Diskurtsoetan, harremanak izateko moduetan, hizkuntzetan, errespetuan, elkarlanean, berdintasunerako logiketan... Horregatik, gure konpromisoa da kirola indartzen jarraitzea herri euskaldunago bat, berdinzaleago bat eta inklusiboago bat eraikitzeko”.

Julen Rodriguez Kiroleko zinegotziak honakoa gaineratu du: “Azken urte hauetan ahalegin berezia egiten ari gara kirola eta ariketa fisikoa gero eta pasaitar gehiagoren eskura jartzeko. Gure apustua argia da: kirola demokratizatzea. Horrek esan nahi du kirola ezin dela instalazio, makina edo material jakin batzuetara bakarrik mugatu. Ariketa fisikoa gure esku egon behar da kalean edonorentzat eta edozein unetan, eta adinak edo egoera ekonomikoak ez du eragotzi behar ariketa egin ahal izatea. Horregatik ari gara kirola espazio publikora eramaten”.

Ostean, urteko kirolari eta taldeen lana goraipatzeko unea iritsi da. Lehenik eta behin, JARDUERA FISIKOAREN ETA KIROLAREN SUSTAPENARENGATIK LANEAN aritu izan diren 3 kirolari omendu dira.

  • Jose Maria Mondelo: Futbolaren bultzatzaile handia izan da. 1974. urtean ekin zion  kirol hau bultzatzeari, eta 30 urte eman zituen entrenatzaile  eta kolaboratzaile lanetan. Halaber, zuzendaritza taldean ere aritu izan zen, txapelketak eta herri mailako ekintza sozialak antolatzen. Baina bere lana haratago joan zen; aitzindaria izan zen oso; eta garaiko tradizioei aurre eginez emakumeek futbolean jolastea erdietsi zuen.
  • Ramon Illarregui: Urte batzuk dira zendu zela, baina berak utzitako arrastoak oraindik ere jarraitzen du bizirik. Langilea eta kirolari handia zen Ramon. Mendira joatea, mendian disfrutatzea… Natura eta jendarteko harremanak uztartzea zuen helburu. Mendiarekiko maitasun hori gazte askoren artean zabaldu zuen asteburuetan irteerak antolatuta. Bere familiak pozik eta hunkituta jaso du aurtengo galan egin nahi izan zaion aitortza.
  • Eusebio Miranda: Trintxerpeko Atletiko Klubaren presidentea izan zen eta kirol eta kultur esparruetan lan handia egin du beti. Bere ibilbidea herritarren onerako, oinarrizko kirola bultzatzeko, herri-kulturarako eta Pasaiako eta Trintxerpeko gizarte-ehuna indartzeko izan da.

Hurrengo saria Illunbe Arraun Elkarteko zuzendaritza ohiari (2011-2025) eman zaio, klubaren alde egindako lan handiagatik: Izerdia ez dute botatzen soilik lehian dabiltzanek; aitzitik, itzalpean eta  guztiaren antolakuntzan buru-belarri  dabiltzanek lan izugarria egiten dute, eta gehienetan lan hori ez da kontuan hartzen, ezta eskertzen ere.
Hori dela eta, 2025. urteko abendura arte Illunbe Arraun Elkarteko zuzendaritzako kide izan zirenei omenaldia egin zaie. Urteak igaro dituzte musu truk lanean; zeuzkaten  irabazi gutxiekin,elkartearen alde borrokan.  

Hurrengo atalean KIROLAREN SUSTAPENEAN egindako lana saritu nahi izan da. Konfinamenduaren ondoren, Antxoko Ibaiondon dauden makina bio-osasungarrietan jarduera fisiko autogestionatua gidatzen duten bi lagun omendu dira.

Kirol sustapen horren aitzindaria Miguel Gallego izan zen, baina zoritxarrez 3 urte dira Miguel zendu zela, eta ondoren Koldo Etxezarretak lekukoa hartu zuen, eta saioak gidatzeari ekin zion. Egunero mugimendu artikularrak egiteko saioak antolatzen ditu, edozein pertsonari zuzenduak, gehienak jubilatuak badira ere.

Kirol Galan sari batzuk ezustekoak izaten dira beti, esaterako, banatu den hurrengoa. TRADIZIOA eskertu eta txalotu nahi izan da oraingoan. Donibanen badago abizen bat itsasoarekin eta arraunarekin estuki lotuta dagoena: GEREÑO abizena, hain zuzen. Gereñotarrei egin zaie aitortza. Tomás, Leoncio eta Frantzisko Gereño anaiek ekin zioten tradizio horri, eta gaur egun beraien oinordekoek  horretan jarraitzen dute: Anartz, Basagaitz, Maddi, Laia eta Anertz. Arraunketaren ondarea babestuta dago, beraiek arraunari dioten maitasunari esker.

Jarraian, hizkuntzari eta generoari buruzko bideo bat proiektatu da. Izan ere, kirol esparruan generoaren eta hizkuntzaren gaiak ikertzeko eta horietan guztietan eragiteko Pasaiako Udalak ikerketa parte-hartzailea egitea proposatu zuen 2023an. Bertan, herriko zenbait klubek parte hartu zuten.

Ondoren, bi kirolariri aitortza egin zaie 2025. urtean izandako lorpenengatik:

  • Markel Amat Baztarrika: gaztetatik hasi zen Eskrima edo Sable  kirol diziplinetan. Izatez sanpedrotarra da, baina Donostiako Fortuna Kirol Elkartean  aritzen da kirol hau praktikatzen. Euskadi eta Espainiako txapelduna da eta 63. postua lortu zuen 2025eko abenduan Alemanian izandako Munduko Kopan.
  • Nora Lopez Aguirreurreta: piraguismoan etorkizun handia duen kirolaria da, iaz, Frantzian ospatutako Munduko Junior txapelketan 5. postua lortu zuen. Une honetan nazioarteko txapelketa batean parte hartzen ari denez, eskertzeko bideoa bidali du.

Taldeen txanda iritsi da gero:

  • Donibane-Koxtape Arraun Elkarteko senior neskak: Euskotren ligara igotzeagatik. Batelerei egin diete aitortza.
  • Donibane Eskubaloia gizonezko seniorrak: Euskal Ligara igotzeagatik.
  • Sanpedrotarra Arraun Elkarteko kadete mutilak: Gipuzkoako txapeldunak trainerilletan.
  • Sanpedrotarra Areto Futboleko gizonezko senior taldea: bigarren mailara igotzeagatik.

Jarraian 2025. urteko 2 kirolari eta talde bat nabarmendu dira:

  • Ander Aramendi Aginaga: 20 urteko sanjuandarrak garaipen anitz lortu ditu atletismo kirol jardueran. Gaur egun Irungo BAT kirol elkartean dihardu eta 2026. urtea oso gogor hasi du, Mitxintxola igoeran errekorra eginez, esaterako. Bere familiak sorpresa eman dio prestatu duten bideo batekin.
  • Maialen Iñurrategi Arrilaga:  Jiu-jitsu kirol diziplinan garaipen ugari izan ditu Donostiako Stealch BJJ taldean parte hartzen duen kirolari honek. Iaz, Lisboan ospatutako Europako txapelketan urrezko domina irabazi zuen, adibidez.
  • Koxtape Arraun Elkarteko jubenilak (trainerillak):  Espainiako txapeldunak izan ziren iaz Galizian ospatutako frogan.

Amaitzeko, talde argazkia egin da eta luntx gozo batekin amaiera eman zaio ekitaldiari. Zorte on guztioi aurtengo denboraldian ere!

Kirol Gala 2026