Eduki publikatzailea

Covid-19ak eragindako alarma-egoeran Pasaian aire librean jarduera fisiko ez profesionala egiteko gomendioak eta argibideak

Apirilaren 30eko SND/380/2020 Aginduan oinarrituak

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailak eta Udaltzaingoak elkarlanean hainbat ibilbide proposatzen ditugu, udalerrian jarduera fisikoa egiteko, betiere berriki argitaratutako apirilaren 30eko SND/380/2020 Aginduan oinarriturik. Barrutietan proposatzen ditugun ibilbideak zirkularrak dira, eta ordulariaren aurkako noranzkoan egitea gomendatzen dugu. Nolanahi ere, ondoren hainbat zehaztapen ematen dugu, dagozkion agintariekin adostu ondoren, gure udalerrian jarduera fisikoa egiteko baldintza bereziei dagokienez:

  • San Pedro eta Trintxerpeko barrutiak Antxorekin lotu daitezke (eta alderantziz) Eskalerillasetik bakarrik, eta Buenabistako bidegorrian barrena.
  • Molinao eremua erabil daiteke, Pasai Antxoko barrutiaren luzapen gisa.

  • Platako farolara errepidez irits daiteke, PPAk baimentzen duelako. Hala ere, puntetako pasealekua, San Pedrotik eta Albaolatik barrena, itxita dago, luiziak izan direlako, besterik esan artean.

  • Ezin da Donibaneko barrutitik  Lezorantz joan.

  • Antxo, Trintxerpe eta San Pedroko errepideko txirrindulariak Jaizkibelgo errepidetik gora igo daitezke, Lezon geratu gabe.

Azkenik, hona ekarri ditugu SND/380/2020 Aginduan  COVID-19ak eragindako krisi egoeran aire librean jarduera fisiko ez profesionala egiteko jasotzen diren zehaztapenak, testuaren xehetasun guztiak kontsulta ditzazuen: zer desplazamendu baimentzen diren, zer baldintza bete behar diren kirola segurtasunez egiteko, zer lekutan egin daitekeen kirola eta, azkenik, zer ordutegitan egin daitekeen kirola.

2. artikulua. Jarduera fisikoa egiteko baimentzen diren desplazamenduak.

1. 14 urtetik aurrerakoek baimena dute erabilera publikoko bide edo eremuetan ibiltzeko, agindu honetan baimendutako jarduera fisikoak egiteko, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7.1. artikuluko e), g) eta h) idatz-zatietan aurreikusitakoarekin bat. 
2. Agindu honetan aurreikusitako ondorioetarako, baimena ematen da kirol ez profesionala banaka egiteko eta paseoak emateko, hirugarren batzuekin kontakturik izan gabe. 
Jarduera horiek egunean behin egin daitezke, eta 5. artikuluan aurreikusitako ordutegietan.
3. Paseoak bizikide batekin bakarrik egin daitezke. Hala ere, laguntza behar dutenak etxe-langile batekin edo ohiko zaintzailearekin atera daitezke.
Kirol ez profesionala bakarka egingo da, eta ez da hirugarren batzuekin kontakturik izango. Hala ere, laguntza behar dutenak bizikide batekin, etxe-langile batekin edo ohiko zaintzailearekin atera daitezke.
4. Paseoak etxebizitzatik kilometro bateko eremuan egin daitezke. Muga hori ez zaie ezargarria izango banakako kirol ez profesionala egiten dutenei. Kirola norbera bizi den udalerriaren barruan egingo da.
5. Covid-19aren sintomak dauzkatenek;  Covid-19a diagnostikatuta izan, eta etxean isolatuta daudenek; eta sintomak dituen norbaitekin edo gaixo batekin harremanetan egon direlako, etxean berrogeialdian daudenek ez dute baimenik izango lehen atalean adierazten diren jarduerak egiteko. Halaber, helduentzako zentro soziosanitarioetan bizi direnek ez dute baimenik izango jarduera horietarako.
6. Artikulu honetan aipatzen diren desplazamenduez gain, baimenduta daude martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan oro har baimendutakoak, eta baita Covid-19ak eragindako krisi-egoeran haurren desplazamenduetarako baldintzak ezartzen dituen apirilaren 25eko SND/379/2020 Aginduan baimendutakoak ere. Baimen horiek guztiak metagarriak izan daitezke.

3. artikulua. Kutsatzea ekiditeko baldintzak.

1. Agindu honetan baimendutako jarduera fisikoak egiteko garaian, gutxienez bi metroko tartea utziko da pertsonen artean.
2. Jende asko dabilen lekuak saihestuko dira, eta baita pilaketak egon daitezkeen lekuak ere.
3. Ahal den neurrian, agindu honetan baimentzen den jarduera fisikoa jarraian egingo da, eta ez da geldialdirik egingo erabilera publikoko bide eta eremuetan. Jarduera fisikoa egiten ari den pertsonaren baldintza fisikoengatik, erabilera publikoko bide edo eremuetan geldialdia egin behar denean, geldialdi hori behar-beharrezko denboran bakarrik egingo da.
4. Osasun-agintariek Covid-19tik babesteko emandako prebentzio- eta higiene-neurriak bete behar dira.
5. Segurtasun-tartea uztea ahalbidetzeko, tokiko erakundeek eremu publikoaren banaketa egingo dute, oinezkoen eta bizikletan doazenen alde, lehentasun-hurrenkera horretan.

4. artikulua. Baimendutako lekuak.

1. Erabilera publikoko edozein bide edo eremutatik ibili ahal izango da, baimendutako gune naturalak eta berdeguneak barne, betiere agindu honetan ezarritako mugak betetzen badira.
2. Ezin da itxitako kirol instalazioetara sartu, agindu honetan aurreikusitako jarduerak egiteko.
3. Ezin dira motordun ibilgailuak edo garraio publikoa erabili, erabilera publikoko bide edo eremuetara joan, eta agindu honetan aurreikusitako jarduera fisikoa egiteko.

5. artikulua. Ordutegiak

1. Honako ordutegiak ezartzen dira, 2.2. artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko:
a) Banakako kirol jarduerak eta paseoak 6:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara.
b) Laguntza behar dutenek eta 70 urtetik gorakoek banakako kirola egin edo paseoak eman ditzakete 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. 70 urtetik gorakoak 14 eta 70 urte bitarteko bizikide batekin atera daitezke.