Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/11/25

Pasaia Badia Aktiboa, jarduera fisiko inklusiboaren eredu Europan

Bruselan izan da Pasaia Badia Aktiboko ordezkaritza, herrian dauden jarduera fisikoko planen berri ematen

Pasaia Badia Aktiboak Oarsoaldeko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Orientazio Zerbitzuak ordezkatu ditu Bruselan, ALL STARS proiektuaren amaiera konferentzian, eta Pasaiako Udalak bultzatzen dituen jarduera fisikoko plan eta politika publikoen berri eman du. 

“Bizi-estilo aktiboen jardunbide egokiak tokiko kirol-politiketan: talde baztertuak kirolean integratzeko gobernatzea” lelopean egin zen jardunaldia, azaroaren 21ean, Belgikako hiriburuan. Bertan, Europako hainbat herrialdetako erakunde, ikerlari eta tokiko administrazioetako ordezkariek parte hartu zuten, inklusioaren eta osasunaren aldeko ekimen arrakastatsuak partekatzeko.

Pasaiako Udaleko kirol teknikaria den Sara Dorronsoro eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Orientazio Zerbitzuko koordinatzaileak, Xabi Rodriguez eta Maddi Marquet, bertan izan ziren, bai herrian bai Oarsoaldean garatzen diren jarduera fisikoko programa eredugarrien berri ematen.

ALL STARS proiektuaren helburua tokiko kirol politiketan bizimodu aktiboak sustatzeko jardunbide egokiak aztertzea izan da, bereziki bazterkeria-arriskuan dauden kolektiboak kirolean integratzea helburu duten ekimenei arreta jarriz. Testuinguru horretan, Oarsoaldeko hiru orientazio-zerbitzuak ikertutako esperientzia eta proiektuen artean nabarmendu ziren.

Jardunaldian aurkeztu ziren ikerketen emaitzen artean, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak diren Ekain Zubizarretak eta Irantzu Ibañezek Pasaiako Kirol Orientazio Zerbitzua erreferentetzat hartu zuten, tokiko administrazio baten konpromiso eta eredugarritasunaren adibide gisa.

Alemania, Espainia, Norvegia, Herbehereak eta Poloniako emaitzak helarazi zituzten herrialde bakoitzeko ikerlariek, eta ekimen bakoitzak bere lana aurkezteko tartea izan zuen.

“Oarsoaldeko egitasmoa Europako bihotzera eramateko aukera izan dugu” adierazi dute orientatzaileek. “Aberasgarria izan da Europa-mailako beste proiektuen berri izan, eta egitasmoek izan ditzaketen aukera eta erronkei buruz nazioarteko beste herrialde batzuetako ordezkariekin partekatzea” gaineratu du kirol teknikariak.

Pasaiako Kiroleko zinegotzi Julen Rodriguez hala mintzatu da: “Ez da nahikoa kirola sustatzea; funtsezkoa da baliabideak jarri eta, batez ere, aukera gutxien dituzten horiengana zuzendutako kirol politikak garatzea. Pasaia erreferente bihurtzen ari da arlo horretan, eta bide horretan lanean jarraituko dugu, kirola eta jarduera fisikoa eskubide unibertsal gisa ulertuta”.

Jardunaldian, Iñaki Iturrioz hizlariak mahai gainean jarri zuen sedentarioak diren herritarrengan jarri behar dela fokua, eta haiengan pentsatutako ekimenak bideratu. Ildo horretan jarraituko du Pasaiak lanean.

Konferentziaren inguruko xehetasunak eta ikerketaren emaitzak ondorengo estekan kontsulta daitezke: https://engsoyouth.eu/allstars/