Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/01/28

Kirol gala 2021: Emanaldiaren laburpena, irudiak eta bideoak

Urtarrilaren 27an egin zen

Iaz, pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu ondoren, Pasaiako kirola berriz ere elkartu zen Kirol Galan. Donibaneko Juanba Berasategi kulturgunea Pasaiako laugarren kirol galaren lekuko izan zen. Kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko 100 lagunetik gora bertaratu ziren, eta aukera izan zuten ekitaldi honetaz gozatzeko.

Pasaiako kirolaren jaialdi nagusi hau sortu zen balioan jarri nahi genuelako herritar guztientzako jarduera fisikoa sustatzen duten ekintzen aberastasun guztia, eta horrez gain, Pasaiako kluben sare zabalak zuzentzen duen kirol praktika federatu aberatsa eta askotarikoa.

Bestela ezin zitekeen moduan, pandemiak eragindako inpaktuari buruzko balorazio txiki bat egin zen, eta jarduera fisikoa eta kirola erregulartasunez egitearen balioa nabarmendu zen, gizarte gaituagoa, aktiboagoa, osasungarriagoa, zoriontsuagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko erremediorik eraginkorrena baita.

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak hartu zuen hitza, eta pandemia egoera honetan kirol klubek eta kirol federatuak, besteak beste, egindako ahalegina nabarmendu nahi izan zuen. Amaitzeko, Pasaia Badia Aktiboa programak duen garrantzia nabarmendu zuen, eta herritarren osasunari eta ongizate orokorrari begira duen potentzial handia ere bai. Halaber, bizikidetzaren sustapenean eta udalerriaren proiekzioan programak egindako ekarpena azpimarratu zuen; eta honela laburbildu zuen hitzartzea: “kirolak handi egiten du Pasaia.”

Omenaldia nabarmendu diren klub eta kirolariei.

Omenaldi berezia eskaini zieten duela gutxi urteurrenak ospatu dituen klub bati eta 100 urtetik gora lasterketa herrikoiak antolatzen daramaten bi klubi:

  • Itsastarrak mendi elkartea. 70. urteurrena.
  • Antxoko Gabonetako krossa /Antxoko Korrikalari taldea. 10. urteurrena
  • Mitxintxola Mendi Lasterketa Herrikoia /Itsas-mendi KKE. 10. urteurrena

Sarien atalean, eta kirol kluben eta eragileen proposamenak aintzat harturik, gehien nabarmendu diren kirolari pasaitarren lorpen eta merituak jaso ziren.

  • Pasai Donibane-Koxtape AE: Nahia Colmenar, kirolari nabarmendua
  • Pasai Donibane-Koxtape AE: Maddi Olaskoaga, kirolari nabarmendua
  • Pasaia Kayak: Laura Zunzunegui, kirolari nabarmendua
  • Xanju Kirol Elkartea: Ander Aramendi, kirolari nabarmendua
  • Xanju Kirol Elkartea: Mikel Aramendi, kirolari nabarmendua
  • Antxo AF: Mauro Ayerza, kirolari nabarmendua
  • Donibane Eskubaloia: Pedro Arrizabalaga, egindako kirol ibilbidearen aitortza
  • Donibane Eskubaloia: Juanito Intxausti, egindako kirol ibilbidearen aitortza

Kirol programa berriak

Ekitaldian Pasaia Badia Aktiboa Estrategiaren garrantzia aitortu zen eta iaz abian jarritako programa berrien balioa ere bai:

  • PARKFIT
  • MAKILFIT
  • Emakume korrikalarien taldea
  • COVIDFIT

Gainera, bertaratu zirenekin partekatu zen eskaintzen diren zerbitzuak gehiago ezagutzea ahalbidetu duten bi ikerketen balioa:

  • Badia Aktiboa Programak hirugarren adinekoengan duen inpaktuaren ikerketa.
  • Kirol zerbitzuen gogobetetzeari buruzko ikerketa.

Halaber, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Saileko pandemiako olatuei eutsi dieten 3 programa azpimarratu ziren, zeren azken bi urteetan indartu baitira, bai kalitateari eta bai kantitateari dagokienez:

  • Eskola Kirola
  • UDA kirol kanpaina.
  • Bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroak.

Ekitaldiaren zati nagusia bukatzeko, labur-labur azaldu dira 2021ean Pasaian kirolarekin eta jarduera fisikoarekin lotutako instalazioetan eta baliabide materialetan egindako inbertsioei buruzko jarduerak; funtsean, honako hauekin lotutakoak: materialak hobetzea, instalazioen erosotasuna hobetzea, energia-erabilera optimizatzea, segurtasuna hobetzea eta udalerriko sarbide eta erabilera libreko kirol-ekipamenduen sarea handitzea.

EKITALDIKO BIDEO ETA ARGAZKIAK