Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/04/27
Trintxerpe eta Donibaneko kirol ekipamendua berritu du Udalak
Renting bidezko zerbitzuarekin makina kardiobaskular berriak jarri dira, gehienak pantaila dutenak, eta mantentzerako 12 azterketa egingo dira urtean

Pasaiako Udalak kirol ekipamendua hobetzen jarraitzen du. Iaz Donibaneko kiroldegian zenbait makina, haltera eta disko sorta eguneratu ziren eta, orain, berrikuntza gehiago egin dira bai Donibanen bai Trintxerpen.
Horretarako makina kardiobaskularren hornidurarako kontratua indarrean jarri da, hala, renting formatuaren bidez, udaleko kirol-instalazioetako ekipamendua hobetuko da, mantentze-lan integralerako zerbitzua barne. Urtero 17.759,41 euro (BEZ barne) inbertituko dira.
Julen Rodríguez Kiroleko zinegotziaren hitzetan: “kontratazioaren helburuak dira Pasaiako kirolguneetako egungo ekipamendu kardiobaskularra berritzea -zaharkituta baitago-, eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzea, jarduera fisikoaren praktika segurua eta osasungarria sustatzeko”.
Kontratu hau gauzatzeak ekipamendua eta materiala hornitzea, garraiatzea eta instalatzea ekarri du, Pasaiako Udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailaren jarraibideak kontuan hartuta.
“Erretiratutako ekipo guztiak aparatu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruz indarrean dagoen araudiaren arabera kudeatuko dira” gaineratu du zinegotziak.
Kirol instalazio bakoitzean ondorengo elementu berriak instalatu dira:
- 2 Arraunketa-makina.
- 3 Korrika egiteko zinta.
- 3 Eliptika.
- Bizikleta bertikal bat.
- Bizikleta etzan bat.
Berrikuntza nagusia da ekipamendu berriek (arraunketa-makinek izan ezik) Touch Screen Smart Focus pantaila izango dutela da. Entrenamenduari buruzko informazioa eta bilakaera erakusteaz gain, sare sozialetara, Internetera, telebistara eta aplikazioetara konektatzeko aukera emango du. Oraingoz, Interneterako konexioa soilik aktibatuko du Udalak.
“Nabarmentzekoa da herritarrek hizkuntza (euskara nahiz gaztelania) aukeratzeko aukera izango dutela instalatuta dauden makina guztietako ukipen-kontsoletan, bai aginduak ematean, bai emaitzak jasotzean. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko asmoz, Udalak ezinbesteko baldintza gisa jarri zuen lehiaketan” amaitu du Rodríguezek.
Mantentzeari dagokionez, hobekuntza gisa, esleipendunak 12 azterketa egingo ditu urtean, eta horietako bakoitzean, makina bakoitzaren arabera, errebisatuko dituzte motorrak, errodadura-zintak, sistema elektrikoak, bihotz-maiztasunerako sentsoreak, egitura, softwarea eta kalibrazioa.
Haltera berriak Trintxerpen
Trintxerpeko kirolguneko halterak ere berritu dira. Guztira, 50 haltera berri erosteko 4006,35 euro inbertitu dira.






