Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/09/10
Karmengo Amako haur eskolak patio berdea, jasangarria eta atsegina estreinatu du
Guztira 28.865,30 euroko inbertsioa egin da
Egindako inbertsioari esker, besteak beste, elementu naturalak eta ekosistemetan oinarritutako konponbideak txertatu dira jolas-eremuan.
Karmengo Ama haur eskolako patioa berdetu eta naturalizatzeko lanak amaitu ditu dagoeneko Pasaiako Udalak. Ekainaz geroztik, bertako umeek jolas eremu are atseginagoa, naturalagoa eta jasangarriagoa dute.
Lanak udalaren enkarguz burutu dira eta bi asteko iraupena izan dute. Guztira 28.865,30 euroko inbertsioa egin da; udalak 18.289,30 euroko inbertsioa egin du eta gainerakoa Oarsoaldea Garapen Agentziak hartu du bere gain parte hartzen duen Europako SCORE proiektuaren baitan.
Zehazki, honako lan hauek egin dira:
- Zuhaitz landaketak, loreontzietan itzalguneak eta babesleku klimatikoak sortzeko.
- Euri-lorategi bat, aldaketa klimatikoaren eraginez, gero eta maizago izango ditugun euriteen eragina apaltzeko.
- Berdegunea handitu eta itxitura berri bat jarri, haurrek bertara sarbidea izan dezaten.
- CO2-a xurgatzen duen belar artifiziala jarri.
- Elementu naturalez eginiko jolas-eremu berriak sortu, esplorazio eremurako askotariko egitura, pufak zein kulunkatzeko altzari berriak eta jolas sinbolikoa lantzeko egitura, batik bat.
Haur eskolako patioa naturalizatuta, Pasaiak aldaketa klimatikoari egokitzeko beste aurrerapauso bat eman nahi izan du.
Horrez gain, haurrek elementu naturalekin jolasteko aukera izango dute, eta hori garrantzitsua da haien garapenerako. Laburbilduz, eskolako jolasgunea leku atseginagoa eta estimulatzaileagoa bihurtu da.