Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/09/10

Gutxiengo baten jokabide hezigabeak igogailuak kaltetu ditu, eta pasaitarrek jasotzen duten zerbitzuari eragin dio

Izaskun Gomezek adierazi du kezkatuta dagoela igogailuetan gertatzen ari diren gizalegearen kontrako ekintzengatik, pasaitar guztion interesen kontrakoak direlako, eta iragarri du zaintza indartuko dela.

Azken egunotan, gutxiengo batek gizalegearen kontrako jarrera agertu du, Pasaiako goiko auzoetara igotzeko igogailuak nahita zikinduz. Jarrera horrekin zerbitzu horiek erabiltzen dituzten herritar guztiak mespretxatzen dira, eta ia-ia bandalismotzat har litezke ekintza horiek. Izaskun Gomez Pasaiako alkateak honako hau adierazi du: “jarrera hauek onartezinak dira". Era berean, zaintza indartuko dela iragarri du: “ezin da onartu gutxiengo batek, bere baldarkeriekin, igogailuek pasaitar askori ematen dioten zerbitzua kaltetzea”. 

Pasaiako Udalak, Obra eta Zerbitzu Sailaren bidez, egunero-egunero garbitu eta desinfektatzen ditu udal igogailuak, eta arreta berezia jartzen du eskudel, botoi-zulo, kristal eta zoruen desinfekzioan, pandemiak dirauen bitartean horiek ahalik eta desinfektatuen egon daitezen.

Igogailu publikoak asko erabiltzen diren ekipamenduak dira; batez ere adinekoek erabiltzen dituzte, irisgarritasun handiagoa ahalbidetzen baitiete. Izaskun Gomezek honakoa adierazi du: “Igogailuek pasaitarren bizi kalitatea nabarmen hobetzen dute, bereziki, adineko pertsonena”.

Egun bizi dugun pandemian udalak beharrezko baliabide guztiak jarri ditu Obra eta Zerbitzu Sailaren esku, eremu publikoetan garbitasun- eta desinfekzio-maila eraginkorrak mantentzeko. 

Azken egunetan, garbiketa- eta desinfekzio-lanak egin ondoren, sistematikoki, zikinak agertzen dira, erabiltzaile batzuen jokabide hezigabearen ondorioz. Izaskun Gómez Pasaiako alkateak berretsi du kezkatuta dagoela gizalegearen aurkako ekintza horiengatik eta egileek pasaitarrenganako erakusten duten mespretxuagatik.

Pasaiako Udalak herritarren laguntza eskatu du, ekipamendu horiek garbi eta erabiltzeko egoera ezin hobean mantentzeko, horiek erabiltzen dituzten bizilagun guztien mesedetan.