Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/02/04
Ezagutu ezazu kalistenia parkea kirol orientatzailearen eskutik
Astelehen arratsaldeetan hasiberriei laguntzen eta aholkuak ematen izango da Pasaiako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Orientazio Zerbitzuko orientatzailea

Pasaiako Udalak kalistenia parkea ireki zuen duela aste batzuk Antxon. Proiektuak aire zabaleko kirola sustatzea du helburu, jarduera fisikorako sarbidea erraztuz eta espazio publikoaren erabilera soziala indartuz.
“Kirola aire librean egiteak onura fisikoak ez ezik, ongizate mentala eta soziala ere ekartzen ditu, eta horregatik, espazio hauek sortzea funtsezkoa da. Kalistenia parkea edonorentzat pentsatuta dago: edozein adin, maila edo egoera fisiko izanda, kirola egiteko aukera ematen duelako. Gainera, beti zabalik dago, eta horrek kirola benetan denon eskura jartzen du” adierazi du Julen Rodriguez Kiroleko zinegotziak.
Kalistenia parkeetan norberaren gorputzaren pisua da entrenamendurako tresna nagusia. Ezaugarri horrek kirola modu librean, irisgarrian eta doan egiteko aukera ematen du, eta, ondorioz, jarduera fisikoa demokratizatzen du. Parkea Ibaiondon kokatu du Udalak.
“Gune berri hau parke bioosasungarriaren ondoan kokatzea ez da kasualitatea izan. Belaunaldien arteko espazio bat sortu nahi izan dugu, non adin desberdinetako pertsonek elkarrekin partekatu ahal izango dituzten kirola, aisialdia eta harremana” gaineratu du zinegotziak.
Kalistenia parkea gertuagotik ezagutu nahi dutenek aukera izango dute Maddi Marqueten laguntza eta gomendioak jasotzeko (jarduera fisikoaren eta kirolaren orientatzailea da bera). Zerbitzu hori astelehenetan eskainiko da, 18.30-19:30 ordutegian ekainaren 30a arte.
“Gure helburua argia da: jarduera fisikoa sustatzea, modu errazean, doan eta edonorentzat irisgarri. Parke honek aukera ematen du bakoitzak bere erritmoan entrenatzeko, presiorik gabe, eta hori oso baliagarria da” amaitu du Rodriguezek.






