Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/12/16

Antxoko kalistenia parke berriaren eraikuntza abian da

Abenduaren 24rako amaitua egotea aurreikusten da

Pasaiako Udalak Antxon kalistenia parke berri baten eraikuntza abiatu du, Ibaiondo frontoiaren ondoko plazan, belargunearen ondoan. Proiektuak aire zabaleko kirola sustatzea du helburu, jarduera fisikorako sarbidea erraztuz eta espazio publikoaren erabilera soziala indartuz.

Kalistenia parkeek berezitasun nagusi bat dute: behin eraikita, ez dute aparteko materialik behar, norberaren gorputzaren pisua da entrenamendurako tresna nagusia. Ezaugarri horrek kirola modu librean, irisgarrian eta doan egiteko aukera ematen du, eta, ondorioz, jarduera fisikoa demokratizatzen du. Ildo horretan, Julen Rodriguez Kiroleko zinegotziak honakoa azpimarratu du: “Kirol politikek oinarrizko printzipio bat izan behar dute: edonork, baldintzak edo baliabide ekonomikoak gorabehera, kirola egiteko aukera izatea. Eta horren aldeko kirol politikak sustatzen dihardugu”.

Instalazioak adin eta gaitasun desberdinetara egokitutako gailuak izango ditu, erabiltzaile bakoitzak bere erritmoan eta modu autonomoan erabil ditzan. Horrek espazio ireki eta malgua sortzen du, entrenamendu-mota desberdinak ahalbidetzen dituena. Rodriguezen hitzetan, “halako guneek aukera ematen dute belaunaldi eta maila guztietako pertsonek espazio bera partekatzeko, bakoitzak bere modura eta presiorik gabe”.

Gainera, kokapenak belaunaldien arteko erabilera sustatzen du. Kalistenia parkea Ibaiondoko zabalgunean kokatuko da, aire libreko parke bioosasungarriaren azpian, eta pilotalekuaren alboan. Parke bioosasungarria batez ere adineko pertsonek erabiltzen dute, baina edonorentzat dago erabilgarri. Kirol zinegotziaren arabera, “instalazio horien arteko hurbiltasunak harreman naturalak sortzen ditu, eta belaunaldien arteko elkarbizitza sustatzen du”.

Ekimen hau Ibaiondoko zabalgunea biziberritzeko udalaren ikuspegi zabalago baten barruan kokatzen da. Eremua paseorako, aisialdirako eta aire zabaleko jardueretarako gune gisa sendotu nahi baita. Rodriguezek nabarmendu duenez, “helburua ez da soilik kirol azpiegitura bat jartzea, baizik eta herritarrek egunerokoan erabiltzeko moduko espazio atsegin eta bizia sortzea”.

Parkearen diseinuan egurra eta metala uztartuko dira, ingurunearekiko integrazioa zaintzeko; eta lurrean moteltze-sistemadun soropil artifiziala jarriko da, segurtasuna bermatzeko. Lanek 27.213 euroko aurrekontua dute, eta eguraldiak laguntzen badu, abenduaren 24an inauguratuko da Pasaiako lehen kalistenia parkea.