Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2022/06/28
Kalea haurrena ere bada!
Haurrek auzolan eguna egin dute
Pasaiako Udaleko haur eta nerabeen Eskubideen Sailak Pasaiako eskoletan gidatzen dituen parte-hartze saioek emandako emaitzen ondorioz, ekainean Pasaiako haur eta nerabeek auzolan bereziak egin dituzte hainbat barrutitan.
Eskubidean planaren baitan, eta Anuntziata, Karmengo Ama eta Pasaia Lezo-Lizeoko LHko ikasleen ekimenez, barrutietan euren egunerokoan jolaserako edo aisialdirako erabiltzen dituzten espazioak hobetu dituzte. Horretarako, auzolan egun bat egin dute, euren egunerokoan barrutian garrantzitsuak diren espazioetan hobekuntzak egiteko. Aukera izan dute eurena ere baden kalea modu askean eta sortzailean euren gustukoago bihurtzen, haurren begirada gehituz, haien nahiak ikusaraziz, eta hobekuntzak eginez.
Egitasmo hau parte-hartze saioetan haiek emandako iritzi eta ikuspuntuen ondorioz sortu zen, nahiko luketen hiriari buruzko ideiak botatzeko aukera izan baitute saioetan.
Bestalde, Eskubidean planak helburu bikoitza du: auzolan honetan lan komunitarioa eginez haur eta nerabeek herriaren alde lan egitearen kontzientzia hartzea, eta euren inguruarekiko ardurak hartzea.
Esperientzia oso positiboa izan da haientzat, eta lan polita egin dute 60 neska-mutiko inguruk: batzuek jolas eremuak margotu eta loreak jarri dituzte, eremuari kolorea emateko; beste batzuek, berriz, Kalaburtza garbitzeko ardura hartu dute, itsasoan dagoen zaborra jaso eta bereizi dute.